Pedro Barrenetxeak ohartarazi du BARREN datu horretaz, eta zehaztu duenez meritu handiagoa du Haundik orain lortu duen porrotik gabeko lehen itzuliak, 18 talde ari baitira lehian eta 11 talde ziren joan den mendeko erdialdera jokatu zuten liga hartan. Koldo Lizarraldek C.D. Elgoibarren mendeurrenaren harira idatzi zuen 'Club Deportivo Elgoibar (1917 - 2017)' liburuan jasota dauden datuak erabili ditu iturritzat.
Partidarik galdu ez duen arren, sailkapeneko bigarren postuan dago Haundi, 35 punturekin, liderra den Touring taldeak baino puntu bat gutxiagorekin. Lehen itzulian jokatutako 17 partidetatik bederatzi irabazi eta zortzi berdindu ditu Haundik. Lau partida irabazi ditu Mintxetan eta beste horrenbeste berdindu, eta etxetik kanpora bost garaipen eta lau berdinketa eskuratu ditu Pablo Turrillasek entrenatutako taldeak. (ikus sailkapena)
Bigarren itzuliko lehen partida Arrasaten jokatuko dute elgoibartarrek, Mondraren aurka jokatuko baitute Mojategi futbol zelaian, zapatuan (16:30).