Ibon Baskaran 9 urteko elgoibartarrak emaitza ezin hobea eskuratu zuen lehiatu den estreinako proban. 7 eta 11 urte artekoen mailan lehiatu zen, goizez eta arratsaldez jokatu zen proban. Goizean bi manga jokatu zituzten, eta horietako batean eginiko denbora onena hartzen zen kontuan azken sailkapenerako. Baskaranek egin zuen denborarik onena eta 2 segundu eta 50 ehunekoko aldea atera zion bigarren sailkatuari. Arratsaldean jaitsiera bakarra egin zuten, eta hor ere Baskaran izan zen azkarrena; segundo bat eta 63 ehunekoko aldea atera zion bigarrengoari.
Luz Ardideneko Ski Toy taldeko kidea da elgoibartarra, pandemia hasi zen urtetik, 2020tik. Hori dela-eta, honakoa izan da lehiatu ahal izan duen aurreneko lasterketa. Hurrengo lasterketa Saint Lary eski estazioan jokatuko dute, urtarrilaren 29an. Frantziarako Koparako puntuagarria den Bank Slalom kategoriako proba izango da.