21 sari banatu dituzte 2021eko Kirol Federatuaren Urteko Sarietan

Barren.eus 2021ko abe. 21a, 20:37

Herriko kirol talde eta kirolzaleentzako topagune izan da, berriro ere, Kirol Federatuaren Urteko Sarien banaketa, iaz pandemiagatik banatu gabe gelditu eta gero. Guztira 21 sari banatu dituzte, horietako hiru Udal Kirol Patronatuak emandakoak.

Sarituek, eta oro har herriko kirolari guztiek meritu bikoitza dutela aurtengoan nabarmendu du Udal Kirol Patronatuko zuzendari Ramon Mugicak sari banaketa ekitaldiaren hasieran, batetik, bakoitzak bere kirolean aritu ahal izan duelako pandemian egonagatik, eta bestetik, gainerako kirolarien artetik nabarmendu direlako sarituetako asko, bakoitza bere kirol modalitatean.

Azken urtean nabarmendu diren kirolari, entrenatzaile, laguntzaile, zuzendaritzako kide edo babesleak saritzen dituzte Udal Kirol Patronatuak eta herriko kirol taldeek elkarlanean antolatzen dituen sariotan. 2007. urtean banatu zituzten estreinakoz eta 14. ekitaldia izan da aurtengoa, iazko txandapasaren ostean. Sarietako hiru Udal Kirol Patronatuak eman dituen sariak izan dira: Markel Kerexeta, Gorane Ayesta eta Igor Elizburu izan dira Patronatuak sarituak.

Sari banaketa ekitaldia aurkeztu behar zuen aurkezlea konfinatuta dagoela eta, Ramon Mugicak egin behar izan ditu aurkezle lanak gaurkoan, eta Patronatuko presidente kargua hartu berri duen Iñigo Loiola zinegotziak bere burua aurkeztu du ekitaldian, herrian egiten diren kirol ia guztietako ordezariak musika eskolako auditoriumean batu direla probestuz. Guztiak ezagutzen ez baditu ere, orain beraiek bera ezagutzen dutela eta behar dutenean laguntzeko prest dagoela esan die.

 

2021 12 21 kirol sariak elgoibar sarituak merituak taulan

• Aurreko urteetako sarituak