Era guztietako herri kirolez gozatzeko aukera izan dute Ikastolan batutakoek: aizkoran, harria jasotzen, txingak eroaten, ingudeareekin, iparraldeko jokoetan eta trontzan aritu dira herri kirolarak. Eta lehia bitxiak ere egin dituzte, atxurrarekin ala esku bakarrarekin enbor bat nork lehenago moztu, esaterako. Atxurra gailendu da.
Aizkoran Euskal Herriko txapelduna, Hodei Ezpeleta, eta txapeldunordea, Xabier Zaldua aritu dira, Goizeder Beltzarekin eta Ernesto Ezpeleta "Bihurri"-rekin batera. Harriarekin, txingak eramaten, iparraldeko jokoetan eta trontzan Nerea Egurrola, Lucia Orbe eta Carlos Aretxabaleta.
Jaialdiaren erdian omenaldia egin diete 2020 urtean zendu ziren Joseba Arrizabalaga "Iriarte" eta Jesus Mari Azpiazu "Txorti" herri kirol zaleei. Haien familiei oroigarriak eman dizkiete Udaleko arduradunek, eta Ernesto Ezpeletak eta honen seme Hodeik ere eman diete oroigarri bana bi sendiei.
Elgoibarren herri kirolaren alde egindako urte luzetako lana aitortu eta eskertzeko antolatu du jaialdia Elgoibarko Udalak. Sigmako Probaleku Elkartearen sortzaileetarikoak eta kideak izan ziren Joseba Arrizabalaga eta Jesus Mari Azpiazu, eta herri kirolaren alde, eta bereziki idi proben alde, lan asko egindakoak biak.
∞Lotura duten albisteak: