Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalean lehiatuko da Uxue Ansorregi Bilbao Arenan

Barren.eus 2021ko aza. 16a, 14:28

Bilboko Bilbao Arena Miribillan jokatuko dute domekan, azaroak 21, 2021eko Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia. Momentuko aizkolari onentsuenak lehiatuko dira, eta horien artean izango da Uxue Ansorregi mendaroarra.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren final handian bederatzi aizkolarik neurtuko dituzte indarrak, sei gizonek eta hiru emakumek.

Uxue Ansorregik joan den urriaren 30an Zestoan jokatu zuten sailkatze proban lortu zuen finalerako txartela, Karmele Gisasolarekin batera. Maika Ariztegik, finalean arituko den hirugarren aizkolariak, urriaren 17an Araian jokatu zuten kanporaketan lortu zuen sailkatzea. Ansorregik nabarmendu du kanporaketa horietan sei segundoko tartea egon zela finalerako sailkatu diren hiru aizkolarien artean. "Faborito argirik ez dagoela esan nahi du horrek, gauzak estu egongo direla, printzipioz. Hori bai, Miribillako finalean lan handiagoari aurre egin beharko diogu, eta ez daukagu erreferentziarik horietan nor moldatuko den hobeto", esan du herri kirolari mendaroarrak. Finalean 36 ontzako bi enbor eta 45 ontzako beste bi ebagi beharko dituzte. Egungo aizkolari onenekin batera lehian aritzeko aukera izatea handia dela dio Ansorregik, eta are gehiago jokatuko den eszenatokian. "Sherpak antolatutako gizonezkoen lehen txapelketa ere Bilbao Arenan jokatu zuten eta bigarrengo hau ere bertan egitea erabaki dute, eta txapelketa ikusgarria izango da, oso ondo antolatua". 

Honako hauek dira emakumeen arteko finalean lehiatuko diren hiru aizkolariak:

  • UXUE ANSORREGI (Mendaro, 1995) Altuera: 1.65 m. Pisua: 65 kg. Lorpenak: 2 urtez Bizkaiko Trontza Mixtoan Txapeldun.
  • KARMELE GISASOLA ZELAI III.a (Mallabia, 1994) Altuera: 1.68 m. Pisua: 72 kg. Lorpenak: 2019 | Bizkaiko eta Euskal Herriko Harrijasotze txapelduna. 2020 | Bizkaiko eta Euskal Herriko ingude jasotze txapelduna.
  • MAIKA ARIZTEGI (Ituren, 1972) Altuera: 1.57 m. Pisua: 64 kg. Lorpenak: Urrezko Kopa. Urrezko Aizkora

2021 11 16 sherpa ai txap finala bilbo emak

Honako hauek dira gizonezkoen 1. mailako finalean arituko den seikotea:

  • MIKEL LARRAÑAGA ELGARRESTA (Azpeitia, 1989) Altuera: 1.88m. Pisua: 98 kg. Lorpenak: 3 aldiz Euskal Herriko Lehen Mailako 2. postua, 2 aldiz Gipuzkoako Lehen Mailako Txapelketan txapeldun, 2 aldiz Urrezko Donostia Kopan 2. Postua, 3 aldiz Eusko Label Urrezko aizkoran Banaka txapeldun, Eusko label binaka txapeldun, Sub 23 Txapeldun.
  • ENEKO OTAÑO AIZPURUA (Beizama, 1994) Altuera: 1.83 m. Pisua: 92 kg. Lorpenak: 2020 | 3. Sherpa.ai Aizkolari txapelketa Nagusian. 2019 | 4. Lehen Mailako Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketan. 2018 | 5. Lehen Mailako Euskal Herriko Aizkolarien Txapelketan (Beizama).
  • IKER VICENTE (Otsagabia, 1997) Altuera: 1.85 m. Pisua: 87 kg. Lorpenak: 6 aldiz Nafarroako Txapeldun, 2 aldiz Euskal-Herriko Txapelketa Nagusiko txapelduna.
  • AITZOL ATUTXA GUTURBAI Atutxa II.a (Dima, 1988) Altuera: 1.92m. Pisua: 100 kg. Lorpenak: 5 aldiz Euskadiko Txapeldun (2014, 2015, 2016, 2017 eta 2018), Bizkaiko Txapelduna 2007 geroztik.
  • JULEN ALBERDI TXIKIA IV.a (Azkoitia, 1991) Altuera: 1.90 m. Pisua: 95 kg. Lorpenak: 2019 | Gipuzkoako Txapeldun. 2020 | Urrezko Aizkora Txapeldun. 2020 | Urrezko Aizkolarien Liga Txapeldun.
  • JON IRAZU (Zizurkil, 1982) Altuera: 1.85 m. Pisua: 103 kg. Lorpenak: 1.Mailako Itxapedunordea, 2 aldiz Euskadiko 3. eta 2. mailako txapeldun, Donostiko Urrezko kopan txapeldunordea.

Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiak akordioa sinatu du LaLigarekin lehiaketa mundu mailan ikusarazteko, LaLigaSportsTVko plataformaren kirol eskaintzan. 12:00etan hasiko da finala, azaroaren 21ean. Sarrerak online ere eros daitezke, hemen, 15 eurotan 18 urtetik goitikoentzat eta 5 eurotan adin txikikoentzat.

2021 11 16 sherpa ai finala bilbo kartela