“Zerbait ondo egiten ari gara Sanlon”

Barren.eus 2021ko ira. 17a, 17:01

Nazional B mailari eustea lortu zuen iaz Sanloko emakumezkoen senior taldeak, Gaurve Asesoresek, eta maila berean hasiko du aurtengo denboraldia asteburu honetan. Igor Lizarralde (Elgoibar, 1972) entrenatzaileak eta Ainhoa Urbizu (Elgoibar, 1996) taldeko kapitainak egin dute iazkoaren balorazioa eta aurtengorako dituzten helburuak ere azaldu dituzte. Biak bat datoz esatean Elgoibar bezalako herri batentzat sekulakoa dela talde bat Nazional B mailan edukitzea, eta harro diote hori “Sanlo familiari” esker lortu dela.

 

 • Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan lortu zenuten mailari eustea iaz. Egingo al diguzue denboraldiaren balorazio bat?
Igor Lizarralde: Niretzat, bai eta taldearentzat ere, sekulakoa izan zen mailari eustea. Covid-arekin zortea izan genuen, eta gure taldea ez zen denboraldi osoan behin ere konfinatuta egon. Partida bat atzeratu ziguten, baina kontrako taldearengatik izan zen, beraz, alde horretatik zorte handia izan genuen. Gure arazo handiena lesioak izan ziren iaz. Urte oso gogorra izan zen, hasieran bereziki. Lehenengo buelta zaila izan zen, kostatu egin zitzaigun gure jokoa egitea, eta partida asko galdu genituen. Kategoria berria zen guretzat eta taldea ez zegoen hainbeste partida galtzera ohituta; gogorra izan zen. Gabonetatik aurrera askoz hobeto joan ziren gauzak. Gure kapitainak detaile oso polita izan zuen taldekideekin eta horrek motibatu zituen guztiak. Bigarren bueltan partida bakarra galdu genuen etxean, eta jardunaldi baten faltan lortu genuen maila mantentzea. Izugarria izan zen guztiontzat.

 • Kontaguzu ba, Ainhoa, zer egin zenuen taldea motibatzeko?
Ainhoa Urbizu: Denboraldi hasiera gogorra izan zen, azken minutuetan galdu genituen partida asko eta taldekideen motibazioa apaltzen ari zen. Gabonak iritsi ziren eta zerbait egin beharra zegoen. Taldekideen senide eta lagunekin jarri nintzen harremanetan bakoitzari bideo labur bat eskatzeko, eta jasotako atal guztiekin bideo bat osatu nuen. Bigarren bueltako lehenengo partida hasi aurretik jarri genien jokalarie. Bideo horrekin gogorarazi nahi nien zenbat balio genuen eta merezi genuela maila horretan egotea. Hortik aurrera hobeto joan ziren gauzak.

 • Zuk, Igor, urte asko daramatzazu eskubaloiko entrenatzaile lanetan. Zer suposatzen du zuretzat Nazional mailako talde bat entrenatzeak?
I.L.: Izugarria da. Jokalariak lanerako prest daude, protestatzen dute, baina lan handia egiten dute eta beti daude laguntzeko prest. Ardura asko hartzen dituzte jokalariek eta ni oso gustura nago talde honekin.
Kostata iritsi gara maila honetara, eta satisfazio handia ematen du. Ordu asko eskaintzen dizkiot eskubaloiari. Gauzak ondo egitea gustatzen zait eta horrek lana eskatzen du, baina niri konpentsatzen dit. Aipatu nahi ditut baita ere Xabi Uribetxeberria eta Lorea Gabilondo, pila bat laguntzen didatelako, eta baita taldeko delegatuak ere.

2021 09 17 sanlo gaurve asesores taldea elgoibar

 • Aurtengorako zein helburu dituzue?
I.L.: Helburu nagusia mailari eustea da, baina saiatu behar gara iaz baino lehenago lortzen helburu hori. Iazko denboraldi amaiera oso gogorra izan zen: Jokalariak irabaztera ohituta zeuden, baina iaz ohikoagoa zen galtzea, eta horrek psikologikoki kalte handia egiten du. Ahal dela, aurten lasaiago egon nahiko genuke.

 • Zu, Ainhoa, taldeko kapitaina zara. Zein da zure ardura taldean?
A.U.: Nire lana izaten da Igorren eta jokalarien arteko zubi-lana egitea. Bestela ez daukat ardura berezirik. Baina bai saiatzen naiz jokalariak animatzen, jende sentiarazten. Hasierako fase honetan denok bat izatea da garrantzitsuena.

 • Denboraldi-aurrea bukatu duzue eta asteburuan hasiko duzue liga. Zein sentsazio dituzue?
A.U.: Denboraldi-aurreko lehenengo partidak ez dira onak izan. Erritmoa hartzea kostatu zaigu, gure artean ulertzea ere bai... Baina azkenerako sentsazio hobeak izan ditugu. Camargon jokatu genuen partidan erakutsi genuen zein den gure nortasuna eta gure jokoa.

 • Denboraldia hasi aurretik kontzentrazioa egin duzue Aubixan, profesionalen pare. Zertan laguntzen du horrek?
I.L.: Helburua jokalarien arteko harremana sendotzea izaten da. Covid egoera honetan entrenamenduetan eta partidetan bakarrik elkartzen gara, eta gainera entrenamenduetan jokalari batzuk ez dira elkartu ere egiten, eta elkar ezagutzea oso garrantzitsua da. Duela bi urte asteburu bat pasatu genuen elkarrekin Landetan eta sekulakoa izan zen. Iaz ere nahi izan genuen, baina ezinezkoa izan zen, eta aurten Aubixara joan gara. Jokalari berriak daude taldean eta garrantzitsuak dira horrelako egonaldiak. Taldea oinarrian iazkoa da, baina batzuk joan egin dira eta berriak ere etorri dira, eta konfiantza eman behar zaie. Aurten gainera ama den jokalari bat izango dugu taldean. Esperientzia handiko jokalaria da, beteranoa, eta seguru nago pila bat lagunduko diola horrek taldeari.

 • Igor, noiz eta nola iritsi zinen zu Sanlora?
I.L.: Eskola Kiroleko entrenatzailea nintzen ni Ikastolan, 16 urte nituela. Institutuan nenbilen eta esan ziguten Eskola Kiroleko taldeak entrenatzeko jendea behar zutela, eta izena eman nuen. Zerbait ordaintzen ziguten, eta diru hari esker gidabaimena atera nuen. Eskubaloian, futbolean eta saskibaloian entrenatzen nituen umeak. Gero, Gipuzkoa mailako begirale titulua atera nuen, eta poliki-poliki sartu nintzen Sanlon. Gerora beste hainbat entrenatzaile titulu atera ditut eta hemen jarraitzen dut.

 • Elgoibar bezalako herri batentzat zer da Nazional mailako eskubaloi taldeak edukitzea?
I.L.: Duela egun batzuk gai hau erabili genuen hain justu Ermuko kirol arduradunarekin. Elgoibarrek 10.000 biztanle inguru ditu, eta talde bat daukagu futbolean gizonezkoen bigarren mailari dagokion kategorian. Gurea bezalako herri batentzat sekulakoa da hori. Gurea herri bat da, eta jokatzen dugu hiri handietako taldeen kontra. Iruñean lau talde daude gure mailan, eta Logroñoko, Zaragozako eta Santanderreko taldeen kontra ere jokatzen dugu. Eta Gipuzkoan gaude, gu, eta Zarautz, Elgoibar baino biztanle gehiago dituen herria, eta Bizkaian, Ermua eta Bilboko beste bi talde. Elgoibar batentzat horrelako mailan taldea edukitzea benetan kontuan hartzekoa da, eta iruditzen zait jende asko ez dela konturatzen honen balioaz. Mutiletan ere maila oso ona dago. Urteetan egon dira seniorrak futboleko Bigarren B mailaren pareko kategorian, eta hori gauza handia da. Sanlon zerbait ondo egiten ari gara.