Igerileku berria amaitu eta prest izateko azken erremate lanak egiten ari direla azaldu dute Udaletik. "Abuztuan instalakuntzetako froga guztiak egiteko aprobetxatuko da, irailerako guztia prest egon dadin". Guztira 3.221.594,29 euroko (BEZ, kanpo) inbertsioa egin du Udalak azpiegitura berri hau eraikitzeko.
• Zortzi kaleko igerilekua
Igerileku berriak, 25 metro luze eta 16.50 metro zabal ditu, eta zortzi kale. Kale bakoitzak bi metroko zabalera izango du eta igerilekuak 450 metro koadroko ur geruza. Horrekin batera, dauden aldagelak berritu eta beste bi aldagela gehiago, aldagela egokituak, komunak eta botikina eraiki dituzte.
Barne instalazioez gainera, ingurua ere berrantolatu du Elgoibarko Udalak, horretarako, igerilekuaren zabalpen berriaren teilatuan aparkaleku berri bat eginez: 42 plaza izango ditu, horietako bi ezgaitasuna duten pertsonentzako.
Udalak adierazi duenez, lan guztiok eraikinaren kanpoko irudia ere aldatu dute. Besteak beste, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen angeluzuzen berri bat eraiki da eta bere fatxadetako batek leiho handi bat du, igerileku berriari argi naturala sartzen uzten diona. "Horrez gain, azpimarratu beharra dago, igerileku estaliak handitzeko proiektu honek, etorkizunera begira, gaur egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko aukera ematen diola Udalari”.
Udaletik kiroldegiari lotutako hainbat datu jakinarazi dituzte. Elgoibarrek 18 kirol elkarte eta 300 ikasle baino gehiago ditu izena emanda. Udal instalazioak erabiltzeko 3.500 pertsona baino gehiago daude abonatuta, eta urteko 100.000 erabilpen baino gehiago zenbatu dituzte.