Bigarren, Aitor Agirre sailkatu zen, Viveros San Anton-Mardu taldekoa (26 segundura), eta Atracciones Sanz taldeko Ekain Ajerrista Azkuek egin zuen hirugarren, Aitor Agirreren denbora bera eginda. Mendiko saria, berriz, Donosti Berri taldeko Yago Agirre Subijanarentzat izan zen, eta taldekakoa, Ampo-Ikolan Sportsek jaso zuen. Gipuzkoarrak izanda hirurak, Gipuzkoako Txapelketako podiuma ere hirurek osatu zuten.
Aipagarria da, Elgoibarko Lagun Taldea-Laboral Kutxa taldeko Beñat Fernandez Loiolak egindako lasterketa ere. Sailkapen nagusian bederatzigarren postuan sailkatu zen, irabazlearengandik 2 minutu eta bost segundura, eta sasoiko dabilela erakutsi zuen beste behin ere. Lasterketa bukaeran honako balorazioa egin zuen txirrindulari mendaroarrak: "Oso azkar abiatu gara. Oñatira joan eta buelta oso erritmo azkarrean joan da lasterketa. Banekien, baina, Kalbariotik Elgoibarrera tropela apur bat lasaituko zela, eta beraz, Kalbariora orduko jo behar zela erasoa. Mutrikun hamar laguneko talde bat joan gara buruan eta Kalbario nahiko azkar igo dugunez, tropela atzean lagatzea lortu dugu. Mantendu gara aurrean Kalbariotik Azkarateraino, baina Azkaraten gora nahikoa justu gindoazen, eta aldendu zaizkigu batzuk, baina, tira, pozik nago egindakoarekin. Gehiago nahi nuen, baina gustura nago".