Taldekako lehian, Eibarko Ipurua taldearekin lehiatu ziren hiru gimnasta elgoibartarrak, jubenilentzako B mailan. Podiumera igotzeko atarian gelditu ziren, laugarren postuan sailkatu baitziren. Taldeko saioetan konposizio aukerak ugaldu egiten dira; izan ere, jolas tresnek eta musikak sortzen dituzten konposizio aukerei talde egiturak dakartzanak gehitu behar zaizkie.
Bakarkako saioetan ere hartu zuten parte gimnasta elgoibartarrek. Gimnastaren nortasuna eta adierazkortasuna kontu handiagoz lantzen dira bakarkako saioetan. Bikoteak osatuz lehiatu ziren, eta emaitza politak eskuratu zituzten. Uxue Etxeberria elgoibartarrak eta Nidia Olasolo eibartarrak osatutako bikoteak bigarren postua eskuratu zuen. Modalitate honetan mazak eta pilota dira lehiatzeko erabiltzen dituzten tresnak. Etxeberriak mazekin egin zuen bere ariketa eta Olasolok pilotarekin. Lortu zuten bigarren postuari esker, datorren denboraldian jubenilen A mailan arituko dira Etxeberria eta Olasolo, lehen bi sailkatuentzako saria baitzen hori.
Nora Mujika eta Jhoselin Padilla gimnasta elgoibartarrek osatutako bikotea laugarren postuan sailkatu zen. Mazekin aritu zen Padilla eta pilotarekin Mujika.
Sari banaketarik ez zen egon, protokolo kontuengatik, eta dominak ostegunean jasoko dituzte Ipuruan.
Bi egunetan jokatu zituzten Gimnasia erritmikoko Gipuzkoako Txapelketak, Tolosan. Oinarrizko eta maila orokorreko banakako eta taldekako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten zapatuan, maiatzaren 15ean, eta amateur mailako Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten domekan.