Hogeita bost bat urte dira Mendaron azkenekoz kadeteen lasterketa antolatzen zutela. Garai hartan, herriko hiru txirrindulari lehiatzen ziren maila horretan: Jurdan Ezenarro, Iñigo Lazkano eta Ander Zulaika. Geroztik, jubenilena antolatu izan du Mendaroko Txirrindulari Elkarteak, eta gaur, estreinakoz, antolatu dute Mendaro Herria Sari Nagusia. Parte-hartzea handia izan da estreinako aldian. Guztira 28 taldetako 198 txirrindularik parte hartu dute, eta tartean ziren Elgoibarko Lagun Taldeako lau txirrindulari: Aitor Arranz Garcia, Eneko Ortega Larrañaga, Marcos Fernandez Irigoien eta Haritz Esnaola Ondarra. Helmugaratzen lehenengoa Donosti Berriko Aimar Alarcia Quintano izan da, 1:24:11ko denborarekin. Suministros Zadorrako Guzman Grecco Hitateguy izan da bigarrena eta Quesos Albeniz taldeko Mikel Regil Fernandezek egin du hirugarren. Taldekako saria Donosti Berrik jaso du. Elgoibarko Lagun Taldeatik Haritz Esnaolak egin du denborarik onena. 36. egin du sailkapen nagusian txirrindulari mendaroarrak [Estreinako urtea du aurten txirrindularitzan]. Hasi eta amaitu Kurutz Gain industrialdean egin da lasterketa, eta bertan egin dute sari banaketa ekitaldia ere. Mendaro Txirrindulari Elkarteko presidente Ander Zulaikak eta Mendaroko Udaleko zinegotzi Maite Apellanizek banatu dituzte sariak.