Maite Maiorak sailkapeneko hirugarren postuan amaitu du kilometro bertikalen Munduko Kopa

Barren.eus 2015ko urr. 17a, 17:20

Munduko Kopako azken proba jokatu dute Limone sul Gardan (Italia). Atzo, Limone Extreme Race kilometro bertikala jokatu zuten, eta hirugarren egin zuen Maiorak. Sailkapen nagusian ere hirugarren amaitu du. Gaur, berriz, bigarren egin du Maiorak distantzia ertaineko mendi lasterketen Munduko Kopako azken proba erabakigarrian, baina sailkapen nagusiko podiumaren atarian geratu da.

Distantzia ertaineko mendi lasterketen Munduko Kopako (Skyrunner World Series) azken proba -bosgarrena- jokatu dute gaur Italian: Limone Extrem Skyrace. Emakumezkoetan Laura Orgue kataluniarrak irabazi du 23 kilometroko ibilbidea duen mendi lasterketa, 3:18ko denbora eginda. Maite Maiorak egin du bigarren eta Oihana Kortazar izan da hirugarren. Aurreko probetan lortutako puntuak batu ostean, Laura Orgue da Munduko txapelduna, 396 punturekin. Megan Kimmel estatubatuarra da txapeldunordea (379 puntu) eta Elisa Desco italiarra igo da podiumeko hirugarren koskara, 364 puntu batu eta gero. Maite Maiora podiumaren atarian geratu da. Munduko Kopako probetan lortutako hiru emaitzarik onenak eta Kontinente mailako lasterketetan lortutako emaitzarik onena hartzen dituzte kontutan sailkapen nagusia osatzeko. Maioraren kasuan, Mauritius irlan jokatu zuen DoDo trailen lortutako bigarren postua (88 puntu), gaur Italian eskuratu dituen 108 puntuak eta Suitzan (Matterhorn Ultraks), Ameriketako Estatu Batuetan (The Rut 25K) eta Hong Kong-en (Lantau 2 Peaks) lortutako hirugarren postuetako bi -78 puntu proba bakoitzean- zenbatu behar dira.

Iaz, bigarren postua eskuratu zuen Maiorak Munduko Kopan.

• Kilometro bertikalen Munduko Kopako podiumean
Limone Extreme kilometro bertikaleko laugarren edizioa jokatu zuten barixaku gauean. Aurreko eguneko ekaitza eta euriteen ondorioz, ibilbidea aldatu zuten antolatzaileek kirolarien segurtasuna bermatzeko. Zailtasuna ez zen gutxitu, ordea. Sei kilometroko ibilbidean 1.200 metro igo behar izan zituzten antxitxikariek. Remi Bonnet suitzarra izan zen azkarrena gizonezkoetan eta kilometro bertikaletan espezialista den Cristelle Dewalle frantziarra izan zen emakumezko azkarrena, 50 minutu eta 48 segunduko denborarekin. Antonella Confortolla italiarra sailkatu zen bigarren postuan (53:12) eta Maite Maiorak egin zuen hirugarren denborarik onena (53:46). Azken proban parte hartu ez bazuen ere, Laura Orgue kataluniarrak irabazi du kilometro bertikalen Munduko Kopa, aurreko probetan eskuratutako puntuei esker. Laugarren aldiz irabazi du modalitate honetako munduko txapelketa. Yngvild Kaspersen norbegiarrak eskuratu du bigarren postua eta Maite Maiorak egin du hirugarren.