San Anton pilota Txapelketa egun bakarrean jokatuko da aurten, jokatzekotan

Barren.eus 2021ko urt. 5a, 13:07

Lagunak Pilota eskolak egin ditu San Anton pilota torneoa antolatzeko egin beharreko aurre lanak, baina, agintariek datozen egunetan pandemiari aurre egiteko hartzen dituzten erabakien zain egon beharko dute txapelketa antolatzeko aukera izango duten ala ez jakiteko.

Urtarrilaren 16rako, San Anton bezpera egunerako, antolatu dute txapelketa. Hiru jardunalditan jokatu izan da aurten arte txapelketa, bi finalerdi eta finala, baina aurten egun bakarrean jokatuko da. "Txapelketa aurkeztuta dago Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzan, eta aurrekontua ere onartu du udal kirol patronatuak. Hala ere, datozen egunetan, gobernu agintariek kirol ekitaldien inguruan hartzen dituzten erabakiek argituko ditute aurtengoa jokatu ahal izango dugun ala ez", azaldu dute Lagunak pilota eskolako arduradunek.

Pilotarien kartelera osatuta dute eta afizionatu mailan diharduten pilotari onenetarikoak lotu dituztela nabarmendu dute. Promesa mailako pilotariak lehiatuko diren lehen partidan, Alberdik eta Apezetxeak De La Fuente eta Morgaetxeberria izango dituzte aurkari. Etorkizun handiko lau pilotari direla zehaztu dute, laurak 18 urtekoak.

Bigarren partidan Muruak eta Gaskuek osatutako biokoteak Exposito eta Iruritaren aurka jokatuko dute. Jokatzekotan, 18:00etan hasiko da pilota jaialdia Ikastolako frontoian.

2021 01 05 lagunak pilota txap elgoibar barren 2020

∞Lotura duten albisteak: