Nazioarteko Eguberri Txapelketan hartu zuen parte Iker Calvo igerilariak

Barren.eus 2021ko urt. 5a, 11:31

Nazioarteko Eguberri Txapelketa jokatu zuten abenduaren 29an, Donostiako Paco Yoldi igerilekuan. Euskal Herrian antolatzen den igeriketako proba garrantzitsuena da, eta aurten ere, pandemia gorabehera, izar asko bildu zituen. Horietako bat izan zen Tokioko Olinpiar Jokuetarako sailkatzea lortu duen Hugo Gonzalez de Oliveira igerilari mallorkarra. Bere ondoko kalean igeri egin zuen Iker Calvok.

Ordizia eta Donostia artean txandaka antolatzen den nazioarteko torneoaren 38. ekitaldia Donostian jokatu zuten. Txapelketa LEN ligan (Ligue Européenne de Natation) sartuta dago eta nazioarteko goi mailako igerilariek hartu zuten parte, tartean Frantziako zein Espainiako talde olinpikoetako kideak, eta baita Euskal selekziokoak ere. Hala, goi mailako igerilariekin lehiatzeko aukera izan zuen Eibar Igerixan taldeko Iker Calvo Villalobos (Elgoibar, 2006) igerilari gazteak. Bere ondoko kalean igeri egin zuen esaterako Canoe taldeko Hugo Gonzalez de Oliveirak, 100 metroko bizkar probako serietako batean. 21 urteko mallorkarrak abendu hasieran lortu zituen Tokioko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko gutxienekoak, 200 metro estiloetako eta 100 metro bizkar erako probetan. Oliveirak Rioko Olinpiar Jokoetan ere hartu zuen parte 2016an. Bera gailendu zen Nazioarteko Eguberri Txapelketan, gizonezkoetan, eta Ainhoa Martin lasartearra emakumezkoetan.

∞Lotura duten albisteak: