IMH kiroldegiko aforoa 154 lagunera mugatu zuten koronabirusagatik, eta ikusleei tenperatura hartu zieten sarreran. Lehiari dagokionez, Alcortak 24-27 galdu zuen Romo Indupime taldearen aurkako norgehiagoka, eta honezbestez amaitu da Kopa eurentzak, jokatutako hiru partidetatik bi galdu eta bat berdindu baitituzte. Euskal Kopan jokatu zuten lehen partidan 28-20 galdu zuten Ereintzaren aurka eta Egiaren aurkakoa hogeina berdindu zuten.
• Gaurvek etxeko lehen partida, zapatuan
Senior emakumezkoen taldeak, Gaurvek, joan den zapatuan jokatu zuen Kopako lehen partida Zarautzen, eta 24-18 galdu zuen Aiala zarautzen aurka (hemen ikus dezakezue partida). Gaurvek zapatu honetan jokatuko du Kopako bigarren, eta azkena izango den, partida Olaizagan, 19:30ean. Ermuko Errotaberri izango dute aurkari.
Irailean jokatzen dihardute 2021eko Euskal Kopako lehenengo fasea, eta finala 2021eko abuztuan. Emakumezkoen txapelketan, Zilarrezko Mailan lehiatuko diren sei talde euskaldunek ligaxka batean hartuko dute parte iraileko aurreneko hiru asteburuetan. A multzoan Gaurve Asesores Elgoibar, Aiala Zarautz eta Lauko Errotabarri Ermua izango dira; B multzoan, aldiz, Kukullaga Etxebarri, San Adrian eta Omega Peripherals Basauri.
Liga Guerreras Iberdrola Ligan diharduten bi euskal taldeek, Super Amara Bera Bera eta Zubileta Evolution BM Zuazo, finalerdian sartuko dira lehian zuzenean, donostiarrak A multzoko garailearen aurka eta bizkaitarrak B multzoko lehenaren aurka. Bi finalerdiok abenduaren 31era baino lehen jokatu beharko dituzte. Finala, aldiz, 2021eko abuztuaren 21 edo 22an jokatuko da. Euskal Kopako azken finala Elgoibarren jokatu zuten 2019ko martxoan, eta Donostiako Super Amara Bera Bera taldea gailendu zen.
• Liga txapelketak urrian
Sanloko taldeek urrian hasiko dituzte Liga txapelketak, infantil mailakoek izan ezik, horiek urtarrilean hasiko dira lehian. Dena dela, dena ez dagoela lotuta ohartarazi dute Sanlotik, "gauzak egun batetik bestera aldatzen direlako".
∞Lotura duten albisteak:
- Sanloko senior taldeek asteburuan hasiko dute denboraldia Euskal Kopan (2020-09-09)
- Gaurve Asesores izango da aurrerantzean Sanloko emakumezkoen talde nagusiko babeslea (2020-07-22)
- Sanloko senior emakumezkoen taldeak Zilarrezko Ohorezko Mailan jokatuko du (2020-06-22)
- Dagoeneko eman daiteke izena Sanloren Eskubaloi Eskolan (2020-06-12)
- Sanlok atzeratu egin ditu 30. urteurreneko ospakizunak (2020-06-04)
- Super Amara Bera Berak irabazi du eskubaloiko Euskadiko Kopako finala (2019-03-24)