77. Mugertza krosean parte hartu zuten atletei ongi-etorria egin aurretik egin zuten sari banaketa ekitaldia, udaletxean. Guztira 350 umek hartu dute parte 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako marrazki lehiaketan. Saritutako marrazkiak eta sarituak izan gabe aukeraketan onenen artean izan direnak, Olaizaga kiroldegian ipiniko dituzte ikusgai, otsailaren 1etik 28ra bitartean.
Sariei dagokionez, herriko kirol dendetarako erosketa baleak jaso dituzte irabazleek. Guztira 60 euroko sei bale banatu dira irabazleen artean, bale bat ikasketa maila bakoitzeko. Hauexek izan dira edizio honetako irabazleak (bakoitzak eginiko marrazkia beherago ikus dezakezue):
- Lehen Hezkuntzako 1. mailan (LH1): Mikel Larrañaga Agirregomezkorta.
- Lehen Hezkuntzako 2. mailan (LH2): Lea Barrutia Cristobal.
- Lehen Hezkuntzako 3. mailan (LH3): Kenai Ibañez Fernandez.
- Lehen Hezkuntzako 4. mailan (LH4): Elsa Barrenetxea Arenas.
- Lehen Hezkuntzako 5. mailan (LH5): Manar Ahdadou Ayayouch.
- Lehen Hezkuntzako 6. mailan (LH6): Uxue Altzerreka Odriozola.
• Instagram lehiaketa
Aurreko edizioen arrakasta ikusita, Elgoibarko Gaztelekuak 2002 eta 2007 urteen artean jaiotako nerabeei zuzendutako Instagram lehiaketa antolatu du hirugarren aldiz. Parte hartzeko honako pausuak jarraitu beharko dira:
- Instagramen Elgoibarko Gaztelekua (elgoibarkogaztelekua) jarraitu.
- Juan Muguerza Nazioarteko Krosaren LXXVII. edizioan ateratako argazkia Instagramera igo eta Gaztelekua (elgoibarkogaztelekua) etiketatu.
Lanak urtarrilaren 19a baino lehen aurkeztu beharko dira eta bi sari banatuko dira: orokorra, 150 eurokoa eta publikoarena, 100 eurokoa. Publikoaren sarirako argazkiak Gaztelekuan bozkatu ahal izango dira urtarrilaren 26ra arte. Sari banaketa urtarrilaren 31n izango da, eta argazki guztiekin erakusketa bat egingo dute gero, Gaztelekuan bertan.