Umeen arteko xake txapelketan bina partida jokatu zituzten bakarka, buruz buruz, eta hirugarren bat, taldeka. Kilimon xake taldeak antolatu zuen txapelketa, Uztargi tabernaren babesean, eta xake eskolako helduak ibili ziren antolakuntza lanetan laguntzen. Bukaeran, Art Fruit fruta dendak eta Uztargi tabernak oparitutako fruta otar bana jaso zuten parte hartzaile guztiek eta mokadua ere izan zuten. Umeenaz gain, baina, Uztargi Xake Azkarreko Txapelketa ere jokoan da Mendaron.
Hamasei lagun daude izena emanda Uztargi Xake, bi emakume eta hamalau gizon, eta txapelketa antolatzeko bi talde egin dituzte, zortzina jokalarirekin. Hirugarren txanda jokatu berri dute, eta lerro hauek idazteko unean, Juan Jose Cambronero doa aurretik A taldean, hiru partidatik hirurak irabazita. B taldean, berriz, Nestor Teruel da nagusi, hiru partidak irabazita. 25 minutuko partidak izaten dira, eta une honetan lehenengo fasean daude. Lehenengo fase hori amaitzean, talde bakoitzeko lau onenek liga hasiko dute, eta hurrengo laurek, kopa. Bai ligako zein kopako finalak otsailean jokatuko dituzte.
Bestalde, abenduaren 29rako Xake azkarreko txapelketa ere antolatu dute. Bost minutuko partidak izango dira, Blitz modalitatean jokatuko dituztenak. Abenduaren 26ra arteko epea dago izena emateko, eta interesatuek honako helbide honetara idatzita eman behar dute izena: xakemendaro@gmail.com.
Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete txapelketa hau babestu dutenei.