Olaizaga kiroldegiko igerileku estaliak handitzeko lanak joan den maiatzean esleitu zituen Elgoibarko Udalak, Construcciones Amenabar S.A. eraikuntza enpresari, hain zuzen ere, 2.881.142,40 (BEZa kanpo) euroren trukean. Gipuzkoako Foru Aldundiak 463.000 euro jarriko ditu lanotarako. Amenabarek Jovino Martinez Sierra (Xixon, Espainia, 1961) arkitektuaren proiektua gauzatuko du. Obrek, gutxi gorabehera, hamalau hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten du Udalak, 2021. urte hasierarako erabitzeko prest egon beharko luke.
Lanen lehen fasean itxiturak ipini eta eraispen zein zulaketa lanekin hasiko dira. Lan horien ondoriz, kiroldegia eta Meka ikastetxea artean dagoen aparkalekua ezin izango da erabili, ez eta Telefonicaren eraikinaren ondoan dauden hamar aparkalekuak ere.
Irailean hasi behar zituzte lanak baina Ubitartegain eremuko etxebizitza eta urbanizazioa egin ahal izateko eta zirkulazio arazoak ekiditzeko asmoz, lanak aste batzuk atzeratu behar izan dituzteka jakinarazi du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. "Euri urak jasoko dituen hodi bat sartu behar izan da San Roke kaletik Santa Ana kaleko biribilgunera arte, eta honen ondorioz, San Rokerako sarrera bakarra egon da erabilgarri. Orain, obra horiek pixkanaka aurrera doazen heinean, igerilekuko obrak martxan jarriko ditugu” esan du Beitiak. Gaur egun dauden bi igerilekuak zabalik egongo dira lanek irauten duten bitartean. Azken hilabeteetan, instalazio zaharreko aldagelak berritzen dituztenean eta igerileko zaharra berriarekin lotzen dutenean izango du eragina, baina bukaerako hilabetean edo hilabeteetan izango dela hori jakinarazi dute Udaletik. "Ahaleginduko gara igerilekuko erabiltzaileek ahalik eta eragin txikiena izan dezaten", esan dute.
• Zortzi kaleko igerileku-ontzi berria
25 metro luze eta 16,50 metro zabal izango dituen igerileku-ontzi berria eraikiko dute, gutxi gorabehera 450 metro koadroko ur geruza izango duena. Zortzi kaleko igerilekua izango da, eta bakoitzak bi metroko zabalera izango du. Gaur egungoak lau kale eta 8,30 metroko zabalera du eta 25 metro luze ditu. Lotuta egongo dira bi igerilekuak eta batetik bestera joateko aukera izango da.
Era berean, aldagelak ere berrituko dituzte Gaur egun, bi aldagela daude, eta jarduera berri honen bidez, eraberritu eta handitu egingo dira, beste bi aldagela, aldagela egokituak, komunak eta botikina egin ostean. Honez gain, igerileku-ontzi berriarentzat baliagarriak izango diren instalazioak eraikiko dituzte.
Kiroldegiaren ingurua ere, kanpoaldea, berrituko dute. Igerileku berriaren teilatuan aparkalekua egingo dute, gaur egungo orubean dagoen aparkalekua ordezkatzeko.
Azaldutako jarduera guzti hauen ondorioz, eraikinak bere kanpoko irudia ere aldatu egingo du. Besteak beste, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen angeluzuzen berri bat eraikiko da eta bere fatxadetariko batek leiho handi bat izango du, igerileku berriari argi naturala sartzen lagako diona.
Honez gain, azpimarratu beharra dago, igerileku estaliak handitzeko proiektu honek, etorkizunera begira, gaur egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko aukera ematen diola Udalari.
∞Lotura duten albisteak:
-
Aldundiak 463.000 euro jarriko ditu Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko proiektuan (2019-01-31)
- Aita Agirre birgaitzeko proiektua egin zuen arkitektuak egingo du Olaizagako igerilekuak handitzekoa ere (2018-06-12)
- Olaizagako igerilekuak handitzeko proiektuaren erredakzioaren lizitaziorako deialdia zabaldu du Udalak (2018-03-09)
- Aldundiak 510.000 euro jarriko ditu Aita Agirre Kulturgunea birgaitzeko egitasmorako (2017-09-14)