Atletismoaren historian kirol honen garapenean "apartak" izan diren ekarpenak saritzen ditu Nazioarteko Atletismo Federazioak The World Athletics Heritage Plaque izendapenarekin. Besteak beste, atletismo lasterketek, atletek eginiko balentriek, entrenatzaileek, atletismoari lotutako hiriek edo komunikabideek jaso dezakete errekonozimendu hau. Nazioarteko Atletismo Federazioaren Sail bat den IAAF Heritagek banatzen ditu sariok, eta erakundeko presidentea den Chris Turner Elgoibarren izan da gaur. Donostiako FICA Nazioarteko Atletismo Film Festibalera etorri dira IAAFeko ordezkariak eta, bidaia aprobetxatuz, Elgoibarrera etorri dira Mugertza krosa bertatik bertara ezagutzera. Chris Turnerrek udaletxean egin duten agerraldian azaldu duenez, kros antolatzaile gutxik jaso dute errekonozimendu hau orain arte, bostek bakarrik, eta Elgoibarko krosa eta Donostiakoa izan dira zerrendara batu dituzten azkenak.
• IAAF kategoriadun krosa
IAFF-eko batzorde exekutiboko kidea den Anna Riccardi ere etorri da Elgoibarrera, eta azaldu du Mugertza kroseko antolatzaileek aurki jasoko dutela Elgoibarko krosak atletismoari egin dion "ekarpen aparta" aitortzen duen plaka. "Non, noiz eta nola jarri erabakitzeko bilera bat egin beharko dugu" esan dio Riccardik Mintxetako ordezkari Zigor Diezi. Berri onak ezustean hartu du Diez, baina pozik jaso du krosarentzako errekonozimendu berri hau. Mugertza krosa historia handiko krosa dela gogora ekarri du Diezek, besteak beste, atleta handiak pasa direlako Elgoibartik, baina oraina eta etorkizuna ere nabarmentzekoak direla esan du. "IAAF kategoria barruan zortzi kros lasterketa jokatuko dira 2019-2020ko kros denboraldian, eta horien artean Elgoibarkoa da Euskal Herrian jokatuko den bakarra", esan du. Azaroaren 9an jokatuko da aurrenekoa Burgosen, Atapuercako krosa, eta denboraldiko bosgarren krosa izango da Elgoibarkoa, 2020ko urtarrilaren 12an. IAAFek berak bost kros nabarmendu ditu bere webgunean, tartean Mugertza krosa.
• Paulo Guerra Paul Tergaten ordez
IAAFeko agintariekin batera Paul Tergat txapeldun handia ere etortzekoa zen gaur Elgoibarrera, baina ezin izan du etorri bisatuarekin izan dituen arazo batzuk medio, atzeratu egin baitu Kenyatik Euskal Herrira egin behar zuen bidaia. Tergatek Ohorezko Aquiles Saria jasoko du bihar Donostian, FICA jaialdian. Munduko kros txapelketa bost alditan irabazi zuen atletak 1999. urtean irabazi zuen Mugertza krosa, eta omenaldi txiki bat egin nahi zioten antolatzaileek. Tergaten lekuan Mugertza kroseko beste txapeldun ohi bat etorri da gaur, Paulo Guerra portugaldarra, hain zuzen ere. Guerrak 1996ko krosa irabazi zuen. Elgoibarko Udaleko eta Mintxetako ordezkariek etorri izana eskertu diote eta kroseko txapeldunei oparitzen dieten Urrezko Liburuaren erreplika bat ere oparitu diote, Gazelen Hatsa liburuarekin batera. Mugertza krosa irabazi duten lagunen argazkiak eta horiek idatzita laga zituzten testigantzak jasotzen ditu Urrezko Liburuak. 2013az geroztik Urrezko Liburuaren erreplika ematen diete kroseko irabazleei. IAAFeko ordezkariei ere oparitu diete Mugertza krosaren historia, testigantzak eta irudiak jasotzen duen Gazelen Hatsa liburua. FICA festibaleko zuzendaria den Juantxo Sabadiek ere hartu du parte agerraldian. Iaz, jaialdiaren estreinako edizioan, Mugertza krosak izan zuen tarte bat FICAn, krosaren 75. urteurrenaren harira ETBk eginiko dokumentala eman baitzuten. Bisitariek Ego Toki elkartea eta Mintxetako zirkuitua ezagutu dituzte udaletxeko agerraldia amaitutakoan.