Naturhouse La Riojak Imanol Garciandia Alcortako jokalaria fitxatu du

Barren.eus 2015ko eka. 25a, 14:30

Azken bi denboraldiak Sanloko Alcorta Forging Group taldean jokatu dituen Imanol Garciandia Alustiza (Zumarraga, 1995) eskubaloi jokalaria fitxatu du Asobal Ligan diharduen Errioxako Naturhouse La Rioja taldeak.

2,01 metro, 101 kilo eta 20 urte ditu Imanol Garciandiak eta ezkerreko hegaleko postuan jokatzen du. Juanma Lopezek ekarri zuen Elgoibarrera taldeko entrenatzailea zenean, eta Nazional mailan egin ditu azken bi denboraldiak Alcorta Forging Group taldearekin. Asobal Ligako zenbait taldek gertutik jarraitu dute Zumarragako jokalari gaztearen ibilbidea, eskubaloi profesionalean jokatzeko gorpuzkera eta dohain handiak baititu.

 Errioxako Naturhouse La Rioja taldea izan da begirik kendu ez dioten horietako bat. Iazko denboraldi-aurrea errioxarrekin egin zuen Garciandiak, eta erakutsitakoarekin gustura laga zituen Naturhouseko arduradunak. Gero, Sanloko senior gizonezkoen taldean jokatu du 2014-2015 denboraldia eta, jokalari gaztearen fitxaketa jakinarazi zuen Naturhousek, atzo. Hortaz, Unai Arrieta elgoibartarrak eskubaloian jokatzeari laga zion talde berean hasiko du bere ibilbide profesionala Alcortako jokalaria izan denak.