Elgoibarko Xake Taldetik aditzera eman dutenez, irailaren 19ra arte eman daiteke izena. Interesatuek honako helbidera idatzi behar dute, izenemate eskaera egiteko: Elgoibarchess@gmail.com.
Adin guztietako xakelariei dago irekia txapelketa, afizionatu zein profesionalentzat. Hala, xakelari afizionatuek nazioarteko xake maisuen aurka jokatzeko aukera izango dute, horixe baita txapelketa honen berezitasunetako bat. Dagoeneko 55 xakelarik eman dute izena.
Iaz, estreinako ekitaldian, 66 xakelari lehiatu ziren IMHko Asmaola eraikinean jokatu zuten txapelketan. Elo puntuazio altuena, -2574 elo puntu- zuen xakelaria gailendu zen, Jaime Santos Latasa Leongo xakelari gaztea. Aurten ere lehiakideen artean izango da Santos eta berriro irabazteko faboritoetako bat izango da. Ez bakarra, ordea. Besteak beste, Karen Grigoryan xakelari armeniarra izango du aurkari gogorrenetariko bat. FIDEren (Nazioarteko Xake Federakuntza) sailkapenean munduko 237. postuan dago 24 urteko xakelaria 2601 elo punturekin. "Abenduan Elgoibarren jokatzen den Nazioarteko Xake Txapelketara etortzen diren xakelari gutxik halako elo puntuazioa dauka armeniarrak", nabarmendu dute antolatzaileek.
Espainiako xake txapeldunek ere hartuko dute parte Danobat Irekian. Batetik Gabriel Del Rio egungo txapeldunak eta, bestetik, partida azkarren Espainiako xake txapelketa irabazi berri duen Enrique Tejedorrek ere eman du izena Elgoibarren jokatzeko.
∞Lotura duten albisteak:
- Nazioarteko Danobat Irekiaren bigarren edizioan parte hartzeko izenematea zabalik dago (2019-07-10)
- Jaime Santos xakelari leondarra gailendu da estreinako Nazioarteko Danobat Irekian (2018-09-23)
- 66 xakelarik hartuko dute parte estreinako Nazioarteko Danobat Irekian (2018-09-20)
- Xakelari profesionalak eta afizionatuak batuko ditu Elgoibarren Nazioarteko Danobat irekiak (2018-09-04)