Daniel Arenas munduko txapeldun bikejoringean, beteranoen mailan

Barren.eus 2019ko eka. 24a, 20:05

Daniel Arenas Fidalgo musher elgoibartarrak eta Sua txakurrak artzai txakur belgiarrentzako munduko txapelketan hartu zuten parte, Bikejoring modalitatean, Txekian. Beteranoen mailan gailentzeaz gainera, sailkapen nagusiko bigarren postua lortu zuten.

Hainbat mushing modalitate daude. Elur gainekoak dira ezagunenak (trineo arrunta, pulka eta skijoring-a), baina lur gainean jokatzen direnak ere badaude. Lur gainekoak lau dira: cart, trizikloa, bikejoring eta txakur krosa. Lehenengo hiru modalitateetan zakurrek cart-etik, triziklotik edo bizikletatik tira egiten dute. Laugarren modalitatean gidaria zakurrari lotuta doa, antxitxika.
Daniel Arenas (Zuzen Adventure Team) eta Sua txakurra (Malinois artzain-txakur belgiarra) bikejoring modalitatean lehiatu ziren Txekiako Pisek hirian jokatu zuten Munduko Txapelketan. Artzain-txakur belgiarrentzako txapelketa zen Txekian jokatutakoa. Bikejoring espezialitateak BTT lasterketa eta txakurrak uztartzen ditu, hau da, txakurrak bizikletara lotuta daude homologatutako tira elastiko batekin, txakurrak minik har ez dezan.

 • Hainbat kiroletan aritutakoa
Kirolari nekaezina eta saiatua da Arenas, Galdakaon bizi den elgoibartarra. Ehizan hasi, mendi lasterketan eta bizikletan ibili, eta fitness eta kulturismoan goia jo ostean, erreka-zulo jaitsieretan eta barrankoetan behera zebilela zen berari buruz genuen azken berria (ikus BARREN aldizkariko 990. zenbakia). Orain, mushingean hasi da lehiatzen, eta ez edonola hasi ere. Lasterketa apur batzutan lehiatu eta bi hilabetetako prestaketa berezia egin ostean hartu zuen parte, Txekiako munduko txapelketan, joan den maiatzean. "Hasiberriak gara modalitate zirraragarri honetan. Nahi baino entrenamendu gutxiago eginda joan ginen munduko txapelketara, mendiko lasterketa luzeetan parte hartzen jarraitzen baitut, horiek ere oso gogoko baititut. Pentsa, Txekiara joan baino astebete lehenago korritu nuen Nafarroa Extren Zubirin, 68 kilometroko mendiko lasterketa. Bikejoringeko munduko txapelketan zain genuen ibilbidea erabat desberdina zen, askoz motzagoa eta esplosiboagoa, eta Suarekin batera egin behar nuen gainera, jakina", esan du Arenasek.

Txapelketako lehen jardunaldian 2,2 kilometroko ibilbide tekniko eta aldapatsua osatu zutela azaldu du. "Minutu bateko aldearekin irteten ginen parte hartzaileak, baina halako ibilbide motzean zaila zen aurrekoa harrapatzea. Usteak erdi ustel, aldaparik handienaren amaieran suitzako ordezkaria harrapatu eta atzean laga baigenuen, txapelketa irabazteko faboriko handienetakoa zen gainera". Bigarren jardunaldian 4,5 kilometroko ibilbidean lehiatu ziren. Bi egunetako emaitzak batuta, Arenasek eta Suak lehen postua lortu zuten beteranoen mailan eta bigarrengoa sailkapen orokorrean. Benjamin Cressend frantziarrak lortu zuen lehen postua. (ikus sailkapena -PDF-).
Hurrengo urteko munduko txapelketan parte hartzea gustatuko litzaioke Arenasi eta eskaera bat ere egin du asmo hori bete ahal izateko. Honakoa: “2020. urtean titulua defendatu beharko dugu. Ea zorterik daukagun eta ea babesleren batek laguntza ekonomikoa ematen digun aurrera jarraitzeko”.

2019 06 24 bikejoring pisek txekia danielarenas munduko txapeldun elgoibar podium

2019 06 24 bikejoring pisek txekia danielarenas munduko txapeldun elgoibar 1

2019 06 24 bikejoring pisek txekia danielarenas munduko txapeldun elgoibar txakurragaz 2

∞Lotura duten albisteak: