Iragarrita zegoen bezala, Kalegoen plazan jokatu dituzte gaur iluntzean Lagunak pala txapelketako finalak. Emakumezkoek jokatu dute lehenengo. Bi bikote elgoibartar iritsi dira finalera: Yoli Mateos eta Olatz Txurruka batetik, eta Lidia Suarez eta Eneritz Arrillaga, bestetik. Partida berdinduta hasi da, eta parekatuta egin dituzte hasierako tantuak. Mateos eta Txurrukak erraz egin dituzte gero 15era arteko tantuak, baina hutsegite batzuen ondorioz, bikote urdina gerturatu egin zaie markagailuan. Azkenean, baina, Yoli Mateosek eta Olatz Txurrukak irabazi dute, 22-16 emaitzarekin.
Gizonezkoen finala jokatu dute segidan. Kasu honetan, bi bikoteak kanpotarrak ziren: Gorka Lizarralde eta Markel Portu mendaroarrak batetik, eta Ivet Astiazaran eta Igor Albizuri azpeitiarrak, bestetik. Mendaroarrak hasi dira 5-0 irabazten, baina gero oso berdinduta joan da partida. Tanto luzeak jokatu dituzte, asko arriskatu gabe, eta arerioen hutsegiteen zain. Partida luzea jokatu dute, ia ordu eta erdikoa. 22-14 emaitzarekin amaitu da norgehiagoka, eta txapela mendaroarrentzat izan da.
Urtero bezala, ikusmin handia sortu dute pala txapelketako finalek herritarren artean, eta Kalegoen plaza jendez beteta egon da bi partidetan. Txapelketan jende askok hartu du parte aurten ere: 13 bikote emakumezkoetan eta 21, gizonezkoetan.
ARGAZKI-BILDUMA: Pala txapelketetako finalak