Markel Kerexetak eta Jon Esnaolak jokatuko dute Udaberri Xake Txapelketako finala

Barren.eus 2019ko eka. 13a, 13:55

Markel Kerexeta eta Jon Esnaola ailegatu dira V. Udaberriko Xake txapelketako finalera. Finalak, kopakoa zein ligakoa, ekainaren 20an jokatuko dituzte Iriondo tabernan. Era berean, ekainaren 22an eta 23an bi zita garrantzitsu dituzte xakelari elgoibartarrek, Olan Arkitektura xake azkar txapelketa eta Elgoibar Xake Festa, hurrenez hurren.

Markel Kerexetak Jabi Muñozi irabazi zion (2-0) Udaberri Xake Txapelketako finalaurrekoetako batean (*beheko argazkian) eta Jon Esnaolak Mikel Leon kanporatu zuen (1,5-05).

Kanporaketetara sailkatu ez ziren xakelariek jokatu duten Kopa txapelketan, berriz, Iker Ruiz da finalerako sailkatu den lehen xakelaria, Julen Agirreri irabazi eta gero (*goiko argazkian). Astelehenean arratsaldean jokatuko dute bigarren finalerdia, Eneko Alberdi azpeitiarrak eta Aitor Fernandez elgoibartarrak. Finalak, kopakoa zein ligakoa, ekainaren 20an jokatuko dituzte Iriondo tabernan, 18:30ean.

 Elgoibar Xake Festa eta Olan Arkitektura xake azkar txapelketa 
Elgoibarko xake taldeak umeentzako xake festa antolatu du ekainaren 23rako. Kultur Etxeko sotoan izango da (10:30), eta 14 urtera arteko umeek har dezakete parte. Izena emateko Elgoibarchess@gmail.com helbidera idatzi edo 637 737 113 telefono zenbakira whatsap bat bidali. Aurreko egunerako, ekainaren 22rako, Olan Arkitektura xake azkar txapelketa ere antolatu dute. Kalebarren plazan jokatuko dute txapelketa, 16:00etatik aurrera. ELO Fiderako puntuagarria izango da, eta 60 xakelarirentzako lekua egongo dela ohartarazi dute antolatzaileek. Parte hartzaile guztien artean urdaiazpiko bat zozkatuko dutela ere jakinarazi dute. Izena emateko Elgoibarchess@gmail.com helbidera idatzi behar da.

*Argazkiak: Elgoibar Xake Taldea.