Joseba Etxeberria Lizardik (Elgoibar, 1977) berarekin batera Athleticen aritutako Jorge Perez eta Iñigo Lizarralde izango ditu laguntzaile Athleticen bigarren taldea zuzentzeko. Dani Aranzubia izango da atezainen entrenatzailea, eta Edu Estibarizek prestatzaile fisiko zereginetan jarraituko du.
Etxeberrriak 15 denboraldiz jokatu zuen Athleticekin, eta 514 partida ofizialetan hartu zuen parte zuri-gorriz jantzita. "Izen mitikoetako bat itzuliko da Athletic Clubera, Klubaren historian partida ofizial gehien jokatu duen hirugarren jokalaria", nabarmendu du Athleticek elgoibartarraren itzuleraz. Gaur, hilak 29, emango du lehen prentsaurrekoa, 12:00etan, Lezaman.
Entrenatzaile ibilbidea ere Bilboko taldean hasi zuen, 2012-2013 denboraldian. Euskal Ligako Kadete taldea zuzendu zuen Lezaman. Gazteen Maila Nazionalean eta Ohorezko Mailan aritu eta gero, Ernesto Valverderen laguntzailea izan zen 2015ean, lehen taldeko talde teknikoaren barruan, eta Superkopa titulua lortu zuen.
Hurrengo urtean, Basconia zuzendu zuen 3. Mailan. 2017-2018 denboraldian, Amorebietara jo zuen, Bigarren B Mailan ziharduen taldea entrenatzera. Ondoren, 2018ko otsailean, Bigarren Mailan dagoen Tenerife futbol taldeak fitxatu zuen. Kanarietako taldea arrisku postuetatik atera ostean, aurtengo denboraldia bertan hasi zuen; alabaina, bosgarren jardunaldian kargutik kendu zuten.
*Argazkia: Athletic Club
∞Lotura duten albisteak:
- Joseba Etxeberria entrenatzaile kargutik kendu du Tenerifek (2018-09-18)
- Joseba Etxeberria eta Iñigo Arriola entrenatzaile elgoibartarrek uharteetan izango dute lana (2018-06-08)
- Joseba Etxeberriak Tenerife taldea entrenatuko du Bigarren Mailan (2018-02-05)
- Joseba Etxeberria da S.D. Amorebietako entrenatzaile berria (2017-06-05)