Angel Ibarluzea eta Ganix Rodriguez bolariak berdinduta ailegatu dira Gipuzkoako txapelketako azken tiraldira

Barren.eus 2019ko mai. 21a, 15:30

Elgetan zapatuan jokatuko duten azken jardunaldian erabakiko da Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo txapelketa. Angel Ibarluzea elgoibartarra eta Ganix Rodriguez eibartarra daude sailkapen nagusiko buruan, berdinduta: 41 txirlo bota dituzte biek aurreko zortzi jardunalditan.

Azken jardunaldian erabakiko da den-dena Gipuzkoako 50. Hiru Txirlo Bola Joko txapelketan. Izan ere, aldeak txikiak dira sailkapen guztietan, bakarkakoan, bikotekakoan zein taldekako sailkapenean. Bederatzigarren jardunaldia izango da Elgetako bolatokian jokatuko dutena, zapatuan (maiatzak 25), 17:00etan hasita.
Gizonezkoen sailkapen nagusian San Migel taldeko Angel Ibarluzea dago lidergoan, 41 txirlorekin. Asola Berri taldeko Ganix Rodriguezek ere 41 txirlo bota ditu aurreko tiraldietan eta bigarren postuan dago. Elgeta taldeko Iker Arizmendiarrieta dago hirugarren postuan, 33 txirlorekiin. Jabier Osoro eta Xabier Loiola elgoibartarrak seigarren eta zazpigarren postuetan daude, hurrenez hurren, 29 txirlo botata. Emakumezkoen sailkapenean hirugarren postuan dago San Migel taldeko Aitziber Olaizola, 11 txirlorekin. Azpeitiko Garmendipe taldeko Carmen Cordero dago lidergoan, 20 txirlorekin.
Bikotekako sailkapenean Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea daude lehen postuan (70 txirlo), baina bost txirloko errenta bakarrik dute bigarrengoekiko. Taldeka, Eibarko Asola Berrik 145 txirlo ditu eta bi gutxiago San Migel A taldeak.
Lasturren joan den asteburuan jokatu zuten azken jardunaldian 68 bolarik hartu zuten parte, eta Asola Berri taldeko Bittor Astigarraga gailendu zen, 5 txirlo botata. Jose Irusta izan zen lehen elgoibartarra, bosgarren postuan, lau txirlo botata (goiko argazkian Lasturreko lehen bost sailkatuak).