-Danimarkatik itzuli berri zara, Aarhus hirian jokatu den Munduko Kros Txapelketaren 43. ekitaldia ikustetik. Afizioz egindako bidaia izan da, ala "lan-bidaia"?
Bai, barixakutik domekara bitartean egon naiz Danimarkan, bi urtean behin jokatzen den Munduko Kros Txapelketa ikusten. Afizioagatik joan naiz, baina, era berean, Mugertza krosari halako txapelketetan 'egotea' tokatzen zaiola uste dut. Garrantsitsua da gainerakoek gu han ikustea, bai Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) eta baita atletek eta managerrek ere. Italica edo Atapuercako ordezkaririk, adibidez, ez da egon.
-Atleta eta lagun askorekin egon al zara?
Atleta eta manager askorekin egon naiz, bai. Garrantzitsua da sortu dugun hartu-eman sare horri eustea eta zaintzea: atletak agurtu, zer moduz dauden galdetu... eurek ere poza hartzen dute. Eta akordatzen dira Elgoibarren bizi izandakoez. Lasterketa jokatu aurretik eta ondorenean egon nintzen Hellen Obirirekin, Joshua Cheptegeirekin, Selemon Baregarekin... eta beste hainbatekin. Horiei eta aurreko urteetan Elgoibarren izan diren zenbait atletei Mugertza krosean ateratako argazkiak ere eman nizkien, paperean.
-Mugertza krosaren 75. urteurrenaren harira kaleratu zen 'Gazelen Hatsa' liburuak ere eraman zenituen maletan, ezta?
Bai. Pisua dute eta pare bat bakarrik eraman ahal izan nituen. Munduko Kros Txapelketa bost alditan irabazi zuen Paul Tergatik eman nion bat. 1999. urtean irabazi zuen gure krosa. Oroitzapen onak gordetzen dituela esan zidan eta eskerrak eman zizkidan liburuagatik eta Mugertza krosa ezagutzera emateko egiten ari naizen lanagatik. Beste alea Jurrie van der Velden atleten managerrari eman nion. Nazioarteko managerrik garrantzitsuenetarikoa da herbeheretarra, eta askotan egin dugu lan berarekin. Bera da Munduko Kros Txapelketa irabazi berri duen Joshua Cheptegei ugandarraren managerra.
-Munduko txapeldun berriak, Joshua Cheptegei ugandarrak, 2017an irabazi zuen Mugertza krosa eta urte hartan sekulako txakalaldia izan zuen bere herrialdean jokatu zuten Munduko Kros Txapelketan, azken itzulian lehen postuan zihoala indarrik gabe gelditu baitzen bat-batean. Cheptegeiri animoak emateko mezua idatzi zenuten orduan sare sozialetan.
Bai. "Egunen batean altxatuko dituzu eskuak Munduko txapelduna zarelako, joan den urtarrilean [2017koan] Elgoibarren egin zenuen moduan", idatzi genuen sare sozialetan duela bi urte. Eta halaxe izan da. Izan duen hurrengo aukeran, Danimarkan, irabazi du titulua.
-Munduko txapelketan aurreneko postuetan sailkatutako asko dira Elgoibarren korrika egindakoak. Antxintxikariak aukeratzeko begi zorrotza duzue.
Munduko Kros Txapelketako lehen sei sailkatuak egon dira Elgoibarren. Cheptegei herrikidearen atzetik bigarren egin zuen Jacob Kiplimo gazteak bigarren egin zuen iaz Elgoibarren, Selemon Baregaren atzetik. Baregak bosgarren egin zuen domekan eta bera izan zen lehen etiopiarra. Mundialean hirugarren postua lortu zuen Geoffrey Kamworor keniarra (2015ko eta 2017ko Munduko Kros Txapelduna) bigarren postuan sailkatu zen 2012ko Mugertza krosean, Paul Tanui irabazlearekin sprint ahaztezina jokatu eta gero. Aurtengo Mugertza krosa irabazi duen Rhonex Kipruto sailkatu zen seigarren postuan. Bere managerrak esan zidan Elgoibarrera etortzea aukeratu zutela Aarhusen aurkitzea espero zuten ibilbide aldapatsurako prestatzeko. Hemendik pasatako edonork irabaztea nahi nuen, baina ezin dizut bat bakarrik aukeratu.
-Emakumezkoetan, munduko azken bi txapeldunak, Irene Chepet Cheptai (2017an) eta Hellen Obiri (2019an), dira Elgoibarren irabazitakoak, 2016an Chepet eta aurten Obiri. Mezua argia da: Munduko Txapelketa irabazi nahi baduzu Mugertza krosa irabazi behar duzu lehenengo.
Bai, Obirik indartsu zegoela erakutsi zuen Mintxetako aldapetan. Erakustaldia eman zuen. Elgoibarren esan zigunez, denboraldi hasieran ez zegoen bere asmoetan krosean lehiatzea, baina hemen irabazi ostean, 'zergatik ez mundiala korritu' pentsatu zuen. Ez dut uste hartutako erabakiaz damutu denik. Hellen Obiri da Munduko Kros Txapelketa irabazi, aurrez edo gero, eta Elgoibarko krosean parte hartu duen hamalaugarren emakumea. Gizonezkoak, berriz, 11 dira, Cheptegeiren garaipena eta gero.
-Zertan laguntzen dio Mugertza krosari Elgoibarren irabazten duten atletek Munduko Kros Txapelketa irabazteak?
Alde batetik, puntuak ematen dizkigu. Obirik munduko txapelketa irabazteak puntuak emango dizkigu Espainiako krosen sailkapenerako eta IAAF kategoria bat edo beste izateko ere aintzat hartzen dute. Nire ustez, baina, horren gainetik dago Mugertza krosari ematen dion prestigioa eta izen ona. Atzerritar bat baino gehiagori entzun diot Danimarkan Mugertza krosa munduko onenetarikoa dela. Lan handia egiten dugu atleten merkatua jarraitu eta gainbegiratzen, beti adi gaude atletarik onenak gurera ekartzeko, eta gauzak ondo egiten ari garela erakusten dute emaitza hauek. Gainera, etorkizunerako ere ondo etorriko zaigu, puntako atletak kontratatzeko lagungarria baita. Atletaren bat Elgoibarrera etorri edo beste krosen batean parte hartu zalantzan badago, adibidez, hemendik pasatakoek Munduko txapelketak irabazten dituztela esanez gero, erabaki bat hartzeko pisuzko arrazoi bat dela uste dut.
-Zeresana eman du Danimarkan prestatu zuten ibilbideak, apostu berritzaileak nahi baititu IAAFek krosak erakargarriagoak egiteko. Ibilbidean museo baten gainera igo ziren saltakariak, teilatuaren gainean belarra baitu museoak. Horrez gainera, gogorra eta aldapatsua zen ibilbidea.
Nire ustez gehiegizko gogortasuna izan du, eta aldapa gehiegi zituen, akaso. Irteera bera ere aldapatsua zen barren. Azkenengo munduko txapelketetan, Ugandakoan izan ezik, ibilbide nahiko lauak ipini dituzte eta joera horrekin apurtu nahi zuten, beharbada, oraingoan, eskua joan zaiela uste badut ere. Krosa zuzenean jarraitu zuten ikusle eta entrenatzaile bat baino gehiago ziren nire iritzi berekoak. Eta eskerrak korrika egiteko eguraldi ona egin zuela. Bero gehiagorekin, edo euri asko egin izan balu, triskantza bat izango zen.
-Ikusi al zenuen Elgoibarrera ekartzeko moduko ideiarik?
Lehendik nituen ideia batzuk berritu dizkit Aarhusen ikusitakoak. Lokatzik ez dagoen edizioetarako lokatz gune eta putzua artifizialak sortzea izan daiteke ideia bat, Danimarkan egin zuten moduan. Aldapekin ez dugu arazorik, nahikoa ditugu guk. Errelebo lasterketa antolatzeko eskaerak ere izan ditugu, ondo egon liteke gazte mailako lasterketetarako, baina lan handia eskatzen du. Kros herrikoi bat ere antolatu zuten han, baina horrek ere lana emango liguke; eta, ez gaude lan faltan.
- rtve.es webgunean ikus daitezke Aarhuseko Munduko Kros Txapelketak: emakumezkoena eta gizonezkoena.
∞Lotura duten albisteak:
- Hellen Obiri eta Rhonex Kipruto nagusitasunez gailendu dira 76. Mugertza Krosean (2019-01-13)
- Ahalegina eta dirua emakumezkoen lasterketan jarri dute Mugertza kroseko antolatzaileek baina gizonezkoena atzean laga gabe (2019-01-09)
-
Mugertza krosa munduko bederatzi kros onenek osatuko duten IAAFeko maila nagusian izango da (2018-09-14)
-
Vicente Guineak irabazi du Mugertza krosari buruzko argazki lehiaketa (2018-05-03)
- Sebastian Coe IAAFeko presidenteak ere badu Mugertza krosari buruzko liburua (2018-01-25)
-
Jebet eta Barega gailendu dira krosaren osagai guztiak eduki dituen 75. Mugertza krosean (2018-01-14)
- Inoiz baino atleta gehiago lehiatuko dira 75. Mugertza krosean (2018-01-13)
- Mugertza krosaren iraganak eta orainak bat egin dute 75. urteurrena ospatzeko Galan (2018-01-12)
- Gazelen Hatsa’, krosaren historia, testigantzak eta irudia batzen dituen liburua (2018-01-11)
-
Goi mailako parte hartzea izango du Mugertza krosaren 75. ekitaldiak (2018-01-10)
- Elgoibar galaz jantziko da Mugertza kroseko irabazleei eta herritarrei esker ona erakusteko (2018-01-08)
- Mugertza krosak IAAF kategoriari eutsiko dio 2015-2016 kros denboraldian (2015-04-16)
- Mugertza krosak goi mailako parte hartzearekin estreinatuko du IAAF kategoria (2015-01-21)