Barixakuan inauguratuko dute TRANSports erakusketa, 18:30ean, Olaizaga kiroldegiko tabernan.
XIX. mendetik XX. mendera igarotzean, zenbait garraiobide kirol bilakatu ziren eta bilakaera horren narrazioa da proiektu honen hari gidaria. Fenomeno hori gertatu zen giza trakzioa esfortzu fisiko baloratzeari ekin zitzaionean, kirol erronkarako bide eman zezakeela ikusi zenean. Kirol desberdinen (atletismoa, abiazioa, automobila, arrauna, eskia, zaldiketa, mendizaletasuna eta txirrindularitza) hasiera nola izan zen jasotzen du erakusketa honek.
•Inoiz ikusi gabeko lankidetza
Joan den astera arte Baionan egon da erakusketa hau eta Elgoibarren izango dugu ikusgai lehen aldiz Gipuzkoan. Huescara eta Nafarroara ere joango da Elgoibartik pasa eta gero. Erakusketa honen proiektua 2016an Nafarroako Artxiboaren eta Pirinio Atlantikoetako Departamentuko Artxiboaren artean hasitako lankidetzaren testuinguruan sortu zen. Lankidetza horren helburua kultura-bitartekaritzako ekimenak martxan jartzea izan zen, artxiboetako dokumentu-ondarea ezagutarazteko asmoz. 2018an, lurralde mugakideetara zabaldu zen, eta gonbidapena bidali zieten Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxibo Zerbitzuari, Huescako Diputazio Probintzialeko Artxiboari eta Fototekari eta Huescako Artxibo Historiko Probintzialari. Horrela, lankidetza inoiz ikusi gabea hasi zuten, eta ekimen ibiltaria bihurtu zen erakusketarena, eta halaxe ailegatu da Elgoibarrera ere.