Muturreko Enduro txapelketa bat jokatu berri du Mario Romanek (Madril, 1990) Texasen (AEB), Revlimiter Extreme proba, eta hirugarren egin zuen (ikus bideoa). Astelehenean ailegatu zen handik eta barixakua eta zapatuan Elgoibarren egongo da ikastaroa ematen. 29 urteko motor gidari madrildarra sei urterekin hasi zen motor munduan, trialean, hain justu. Ume zela eginiko aurreneko berbak "brum-brum" izan zirela dio. Koskortu zenean Endurora egin zuen jauzia eta duela bost urte muturreko enduro probetan, Hard Xtreme modalitatean, hasi zen lehiatzen. Proba oso gogorrak izaten dira eta amaitzea bera oso zaila da. Horrelako proba batzuetan ohikoa izaten da irteera hartzen duten 500 partaideetatik bost bakarrik ailegatzea helmugara. Lau erta zortzi ordu bitarteko lasterketak izaten dira. Euskal Herrian jokatzen diren Muturreko enduro probetan ospetsuena den Gordexola Xtreme proban esaterako, 155 parte hartzailek hartu zuten parte 2017ko edizioan, eta hiruk bakarrik amaitu zuten araututako denboran. Mario Romanek irabazi zuen.
Txapelketetan parte hartzeaz gainera, Romanek munduan barrena bidaiatzen du ikastaroak emanez. Elgoibarko Urnobitza taldeko motorzaleek hogei lagunentzako ikastaroa antolatu dute, muga hori jarri baitzien Mario Romanek berak. "Elgoibarko enduro zaleez gainera, inguruko herrietatik eta Nafarroatik ere etorri dira motorzale batzuek Mario Romanen aholkuak entzun eta bere teknikak ikastera", azaldu du Urnobitzako kide eta Gipuzkoako Enduro Federazioko presidente Marga Zapata elgoibartarrak. Ikastaroak alde teorikoa eta praktikoa uztartu ditu. Urruzuno bailarako auzotarren elkartean eman dute ikastaroa eta alde praktikorako elkartearen kanpoaldeko aldapa pikoak erabili dituzte, Romanek irakatsitakoa praktikan jartzeko. Pinu enborrekin eginiko oztopo batzuk ere prestatu dituzte.