Aldundiak 463.000 euro jarriko ditu Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko proiektuan

Barren.eus 2019ko urt. 31a, 16:30

Olaizaga kiroldegiko igerilekua handitzeko eta berritzeko hitzarmena sinatu dute Ane Beitia, Elgoibarko alkateak eta Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak. Proiektuaren kostea 3.895.175 eurokoa da eta Aldundiak 463.760 euro jarriko ditu. Lanak irailean hastea aurreikusten dute.

Olaizaga kiroldegia 1988an eraiki zuten eta agintarien iritziz zenbait elementu berritu eta beste batzuk handitzeko unea ailegatu da. Batetik, igerilekuak eraberritzeko beharra dagoela nabarmendu dute eta, bestetik, araudia beteko bada, hau da, arlo teknikoari, irisgarritasunari, generoari eta abarri buruzko araudia, aldagelak eta dependentzia lagungarriak eraberritu eta handitzeko beharra ere badagoela zehaztu dute, hartara, kirola era guztietako erabiltzaileengana irits dadin. "Aldagelak sexuen arabera bereizita dauden arren, txiki samarrak dira, irregularrak, eta ez dute irispide edo pasabide egokirik mugikortasun urriko pertsonentzat, ez eta horretarako egokitutako komunik ere. Aldageletako lanen helburua da haiek tamainaren eta beharren arabera egokitzea. Irispide egoki bat eduki behar dute eta irisgarriago bihurtzeko behar diren elementuak".

Igerilekuei dagokionez, ontzi berri bat eraikiz handituko dira, egoera onean dauden ontziak mantenduta eta berrerabilita.

 • Igerileku berriaren neurriak

Eraikiko duten zabalgunean balio anitzeko ontzi laukizuzen bat jarriko dute, helduentzako aisialdiko igerileku balioaniztuna izateko asmoarekin, luzeraz 25 x 16,50 metrokoa, sakoneraz 1,40 metrotik 1,60 metrorainokoa, 2na metroko 8 kalerekin, eta inguruan hondartzak dituena, zabaleraz 2,00 metrokoak edo handiagoak. Igerilekua lehiaketak egiteko egokia izango da, dagozkion tranpolinekin. Igerilekua handitzearekin batera, orain dauden aldagelak berrituko dituzte, eta beste bi berri eraiki, orain daudenen jarraian, eta igerileku berriaren ondoan. Aldagela berrien ondoan, komun berriak egongo dira, egokituak horiek ere, eta botika-gela berri bat. Lehen solairuan, areto bat sortuko dute, gimnasiorako, beiraztatua, igerileku berriak hartzen duen espazioaren gainean.

 • Aldundiaren diru-laguntza

Kirol ekipamenduak birmoldatu, berritu, ordeztu eta lekualdatzeko 2017-2020 aldiko Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planaren esparruan sartzen da Aldundiak emango duen laguntza; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat inbertsio finantzatuko ditu lurraldeko kirol azpiegiturak hobetzeko eta, horrela, erantzuna emateko Gipuzkoako gizarteak jarduera fisikoa eta kirola egiteko duen premiari. Aldundiak lehentasuna eman dio egungo ekipamenduak berritu eta birmoldatzeari, instalazio berriak eraikitzearen ordez.
Denis Itxasok nabarmendu duenez, planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du. "Foru Aldundian adin guztietako, edozein sexuko eta jatorri guztietako herritarrek instalazio egokiak izan ditzaten eta horietara sarbidea izan dezaten nahi dugu, haietan kirola edo gainerako aisialdiko jarduerak egin ahal izateko eta, horrela, haien bizi kalitatea hobetzeko", esan du Itxasok.  Aldundiak 463.760 euro jarriko ditu Olaizaga kiroldegiko igerilekuak berritu eta handitzeko. Elgoibar moduko herri ertain batek herritarrei zerbitzua ematen dien azpiegiturak hobetzeko eginiko ahalegina txalotu eta balorean jarri du Itxasok. "Kulturaren alde Aita Agirre eraikinarekin eta kirolaren alde igerilekuen handitze honekin, eginiko apostua asko estimatzen dut", esan du.

 • Anbizio handiko proiektua

Ane Beitia alkatearen esanetan instituzioen arteko kolaborazio garrantzitsu honi esker, "anbizio handiko" eta elgoibartarren onurarakoa izango den proiektu bat jarri dute martxan. "Kirol eskaintza hobetzeko helburua du, egungo eskarira eta irisgarritasun, kirol, genero eta abarretako esparruetan indarrean dauden arauetara egokituko gara. Laburbilduz, eraberritzearekin Elgoibarrek kalitatezko azpiegiturak izango ditu eta elgoibartar guztiek kirola egiteko aukera bermatuta izango dute stalazioek, ez bakarrik Elgoibarri, Mendaro, Mutriku, Deba, Azkoitia, Azpeitia, Ondarroa eta inguruko beste udalerrietako abonatuei erantzuna emateko ere balio izango dute", adierazi du.
Bai Elgoibarko Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizek jakinarazi duenez, lanen lizitazioaren hasiera otsailaren bukaerarako egitea aurreikusten dute, gauzak ondo bidean maiatzean onartuko dute adjudizazioa eta irailean hasiko dira lanak. Hamalau edo hamabost hilabeteko epea izango du adjudikazioa lortzen duen enpresak lanak amaitzeko. 

aldundia denis itxaso elgoibar udala igerilekua handitu banderagaz

∞Lotura duten albisteak: