Maite Maiora: "Mont Blanckeko Ultra Traila izango da 2019ko nire helburu nagusia, baina ez bakarra"

Barren.eus 2019ko urt. 17a, 20:22

Ultra distantziako lasterketen aldeko apostua egingo du 2019an Maite Maiorak. 2019. urterako dituen helburuen eta asmoen berri eman dio BARRENi mendiko lasterkari mendaroarrak.

Maite Maiora 20 eta 40 kilometro bitarteko Sky Kopako probetan lehiatu da bereziki azken urteetan, ultra distantziako probaren bat edo beste ere egin izan duen arren. “Jendeak askotan galdetzen zidan noiz eman behar nuen ultretarako jauzia. Erabat konbentzituta egon behar da horrelako erabaki bat hartzeko, zalantza izpirik gabe, eta entrenamenduak ere horrelako proba luzeetararako egokitu eta moldatu behar dira. Behin erabakia hartuta, gauza bat nuen argi: Mont Blanckeko Ultra Traila izango zela egingo nuen aurrenekoa". Munduko mendi lasterketa luzeetan ospetsuena da UTMB Mont Blanceko ultratraila, duela hamabost urtetik Alpeetan jokatzen dena. 170 kilometroko ibilbidea eta 10.000 metroko desnibel positiboa ditu abuztuan jokatzen den probak. “Hemen badaukagu distantzia horretako lasterketa bat, Ehunmilak, baina UTMB da lasterketen lasterketa, probarik ezagunena eta entzutetsuena munduan", azaldu du Maiorak denboraldiko helburu nagusia izango duen Mont Blanceko ultratrailaz. Gainera, pixka bat ezagutzen du proba, izan ere CCC (Courmayeur-Champex-Chamonix) proba korritu zuen 2017an (bigarren postua lortu zuen). "Mont Blanceko ultratrailaren ibilbideko azken 100 kilometroak egin nituen, aurreneko 60 kilometroak egitea falta zazkit. Ezin daitezke konparatu baina. 12 orduko proba da CCC-a, eta 24 ordukoa bestea. Iluntzeko zazpiretan hasten dira korrika UTMBko partaideak eta hurrengo eguneko iluntzean ailegatzen dira aurrenekoak. Dena esanda dago".

•Zegama Aizkorri, Kilimon Trail eta Alpe D'Huez-eko triatloia
Denboraldiko helburu nagusia izango da Maiorarentzat, baina ez bakarra. Aurten beste bi ultra lasterketa egin nahi ditu, Ultra-Trail World Tour (UTWT) zirkuito barrukoak biak. Lehena Portugalgo Madeira uhartean apirilaren 27an jokatuko duten 115 kilometroko ultra (Madeira Island Ultra-trail), eta bigarrena Italiako Dolomitetan, Lavaredo Ultra Trail, ekainaren 28an jokatuko den 120 kilometrokoa. Ultrez gainera beste distantzia batzuetako lasterketak ere sartu ditu 2019rako osatu duen lasterketen egutegian. Proba kuttunak dira bi: Zegama Aizkorri mendi maratoia, eman dion guztiagatik eta, nola ez, etxeko proba, apirilean jokatuko den Kilimon Trail. Zegama Aizkorri jokatuko den sasoi berean jokatuko da Munduko trail txapelketa ere, eta hori dela eta bien artean aukeratu behar izan du Maiorak. "Zergatik zabiltza mendiko lasterketetan? galdetu zidan Iosuk bietako zein aukeratu zalantzan nengoenean. Dirua, tituluak eta dominengatik ala lagun berriak egiteko aukeragatik eta zaleen animo eta oihuengatik egiten nuen korrika galdetu zidan gero. Halaxe aukeratu nuen Zegama.

Kilimon traili dagokionez, ez dela errekorra egiteko moduan izango uste du, Madeirako ultra jokatu baino 15 egun lehenago izango baita, "baina etxekoei ezin diet hutsik egin". Mendiko maratoiko Munduko txapelduna izana da Maiora eta munduko bazter eta proba askotatik jasotzen ditu parte hartzeko gonbidapenak. "Proba jokatzen den lekuagatik, antolatzaileengatik edo antzerako beste irizpide batzuen arabera erabakitzen dut zeinetan parte hartu. Azken hiru urtetan gonbidatu naute martxoan Kolonbian jokatzen den Pacific Trail (62 km.) mendiko lasterketatik eta aurtengoan joateko asmoa dut, besteak beste, lagun batek gonbidatu nauelako eta Kolonbia moduko herrialde bat ezagutzeko aukera emango didalako.
Maiorak lanarekin uztartu behar du lasterketen egutegia, eta horren arabera ere aukeratzen ditu probak. Aurrekoez gainera, begiz jota dauka partehartzeak ilusio handia egiten dion beste proba bat ere. Alpe D'Huez-eko triatloia (2,2 km igerian, 118 bizikletaz eta 20 km. korrika). "Ultrak prestatzeko entrenamendu luzeagoak egingo ditut, horixe izango da aldaketa nagusia nire prestakuntzan, eta bizikleta ere gehiago erabiliko dut. Eta, igerian ere apuntatu naizenez, ilusio handia daukat uztailean egiten den triatloi horretan parte hartzeko. Aldapaz betea eta gogorra da, Alpe du Grand Serre (1375 m), Col d'Ornon (1371 m) eta Alpe d'Huez Frantziako Tourreko mendate mitikoa igo behar baitira bizikletaz. Igeriketako proba Verney lakuan jokatzen da, eta hango ur gardenetan igerian egitea baimentzen duten aukera bakarra da. Nire gustu eta ezaugarrietara primeran moldatzen den proba dela uste dut. Nire prestatzale Etor Mendiak ere halaxe esan zidan, 'triatloi bat egitekotan, dudarik gabe horixe egin'". Azkenik, babesle berria estreinatuko du Maiorak 2019an, La Sportiva laga eta gero. Aurki jakinaraziko du zein duen babesle berria.