Angel Ibarluzea bolaria, Euskal Herriko txapeldun

Barren.eus 2018ko aza. 18a, 16:08

Angel Ibarluzea elgoibartarrak irabazi du Euskal Herriko 29. Hiru Txirlo Txapelketa. San Migel taldeko bolaria sailkapen nagusiko lehen postuan ailegatu zen zapatuan Aiastiako bolatokian jokatu zuten azken jardunaldira, eta ez zuen hutsik egin.

Bolari sanmigeldarrek ez zuten aurkaririk izan Aiastiako bolatokian jokatutako tiraldian. 55 bolarik hartu zuten parte eta auzoko lau bolari sailkatu ziren aurreneko lau postuetan. Xabier Loiola gailendu zen, 7 txirlo botata, Unai Loiolak egin zuen bigarren 5 txirlo jota eta Angel Ibarluzea sailkatu zen hirugarren postuan, 4 txirlo botata. Javier Osorok ere lau bota zituen eta laugarren postuan sailkatu zen. 

Lehen hiru jardunaldiak jokatu eta gero, Angel Ibarluzea zegoen sailkapen orokorreko aurreneko postuan, eta Aiastian bota zituen lau txirloei esker lehen postuari eutsi bakarrik ez, aldea handituta irabazi du Euskal Herriko txapelketa. Ibarluzeak 23 txirlo bota ditu lau jardunalditan. Sebastian Aranzabal elgetarra sailkatu da bigarren postuan 19 txirlorekin eta San Migel taldeko Unai Loiola sailkatu da hirugarren postuan, hori ere 19 txirlorekin. Xabier Loiola (18 txirlo) eta Jabier Osoro (15 txirlo) bolari elgoibartarrak bosgarren eta zazpigarren postuetan sailkatu dira, hurrenez hurren.

 • Bikoteka eta taldeka ere sanmigeldarrak nagusi
Bikotekako sailkapenean ere San Migel taldeko Xabier Loiola eta Angel Ibarluzea gailendu dira, nagusitasunez. 41 txirlo bota ditu bikote elgoibartarrak, buogarren sailkatu den Felix Gomez eta Beñat Gomezek (Asola Berri) baino 9 txirlo gehiago. Taldekako sailkapena ere alde handiarekin irabazi du San Migel A taldeak. Guztira 89 txirlo bota dituzte. Markina Xemeingo Hiru Txirlo Taldea sailkatu da bigarren postuan 59 txirlorekin eta Eibarko Asola Berri taldeak egin du hirugarren (52 txirlo)
Emakumezkoetan Markina Xemeingo Olatz Jimenez izan da onena, 9 txirlorekin. Gainera, Jimenezek lehen jardunaldiko tiraldia irabazi zuen, Ziortza Bolibarko Oruzibieta auzoan.
Antolatzaileak pozik daude txapelketak eman duenarekin eta azken urteetan baino bolari gehiagok parte hartu duela nabarmendu dute. Datorren urtean 50 urte beteko dituen Gipuzkoako Bolari Txapelketa prestatzen hasiko dira orain eta gauza bereziak antolatu gura dituztela aurreratu dute.

EH txapelketa hirutxirlo aistia elgoibar bikoteka txap

2018 11 17 EH hirutxirlo aistia elgoibar taldeka san migel

2018 11 17 EH bolo txapelketa aiastia elgoibar olatz jimenez txapeldun