Behobia-Donostia lasterketa jokatzen den 54. aldia izango da aurtengoa, eta bosgarren aldiz jarraian 30.000 lasterkaritik gora dira izena emandakoak, horietatik %24,48 emakumeak: 7.534. Inoizko portzentaje handiena da. Erronka handi bati ekin dio Behobia-Donostia lasterketaren antolakuntzak: 50/50/25. Fortuna kirol elkarteko lagunen helburua da emakumeen partaidetza %50 izatera iristea 2025 urterako. Elgoibartik 51 gizon eta hemeretzi emakume dira izena emandakoak eta Mendaroko hamasei gizon eta bi emakume, orotara 88 lagun bi herrietatik. Debabarrenean eibartarrak izango dira saltakari gehienak, 146 guztira. Gipuzkoan, berriz, antxintxikari donostiarrek osatuko dute multzorik handiena, 2.889 lagun guztira. Gipuzkoarrek osatzen dute multzorik handiena (7.406 lagun; %24) baina gero eta gehiago dira lurraldetik kanpo datozen parte hartzaileak.
Iaz 56 elgoibartarrek eta 14 mendaroarrek amaitu zuten proba. Gure ordezkarien artean, Osel Sanchez izan zen azkarrena. Sailkapen nagusiko 108. postuan sailkatu zen, 1:12:04ko denborarekin. Cristina Villalobos izan zen emakumezkoen artean azkarrena, 1:24:25eko denbora eginda 24. postua lortu zuenm emakumezkoetan.
Korrikalarieak 10:15ean irtengo dira, hemezortzi taldetan banatuta, dortsalaren kolorea kontuan hartuta. Aurretik urritasunen bat duten 87 parte hartzaileen eta 214 irristalarien txanda izango da. Korrikalarien dortsalek QR kodea izango dute, korrikalarien osasun informazioarekin.
• Elgoibartarren eta mendaroarren partaidetza urtez-urte:
- 2017: 56 elgoibartar eta 18 mendaroar
- 2016: 70 elgoibartar eta 17 mendaroar
- 2015: 70 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2014: 84 elgoibartar eta 23 mendaroar
- 2013: 73 elgoibartar eta 24 mendaroar
- 2012: 79 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2011: 84 elgoibartar eta 21 mendaroar
- 2010: 74 elgoibartar eta 13 mendaroar
- 2009: 95 elgoibartar eta 7 mendaroar
- 2008: 100 elgoibartar eta 11 mendaroar
- 2007: 101 elgoibartar eta 8 mendaroar
- 2006: 101 elgoibartar eta 7 mendaroar