Intza Ttutturre Aralarko kilometro bertikala jokatu zuten zapatuan. Gizonezkoetan Joseba Diaz izan zen azkarrena (37:15), eta emakumezkoetan Maite Etxezarreta gailendu zen 49 minutu eta 55 segundoko denbora eginda. Ainhoa Lendinezek irabazleak baino 40 segundu gehiago behar izan zituen eta hirugarren postua eskuratu zuen sailkapen nagusian. Intza herriko plazatik abiatu ziren parte hartzaileak eta Ttuntturre gaineraino 3.850 metroko ibilbidea (963 metro positibo) osatu zuten, Araiz bailarako pagadietan barrera eta Aralarko Malloen babesean.
Domekan, berriz, Araia-Aratz kilometro bertikalaren bosgarren ekitaldia jokatu zuten Arabako Asparrena herrian. Mikel Beunzak (37:57) irabazi zuen proba gizonezkoetan eta Maria Zorrozak (44:48) emakumezkoetan. Morkaiko taldea ordezkatu zuen Ainhoa Lendinezek laugarren egin zuen 50 minutu eta 56 segunduko denborarekin.
Asteburuan jokatutako bi probetan bere denbora onenetatik urrun ibili dela aitortu du Lendinezek, eta Pyrinees Stage Run 240 kilometro eta zazpi etapako proban pilatutako nekeak zerikusia duela uste du. Uharte Arakil - Berian kilometro bertikala jokatuko da datorren domekan, irailaren 23an. Euskal Herriko Bertikalen Txapelketa izango da gainera. Parte hartzea gustatuko litzaioke antxitxikari elgoibartarrari, baina asteburuan eginiko ahaleginetatik nola errekuperatzen den ikusi behar du.