Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) 2014-15 denboraldian jarri zuen martxan eskuko teknifikazio proiektua. Pilotari gaztetxoei entrenamendu tekniko eta prestakuntza fisiko pertsonalizatua eskaintzea du xede, lurraldeko klubei laguntzearekin batera.
Hautaprobetan aukeratu zituzten Deba eta Urola eskualdeetako pilotari gazteek Zestoan egin dituzte entrenamendu saioak orain arte, baina frontoian egin beharreko lan batzuen ondorioz, ekaineko entrenamenduak Elgoibarrera ekarri dituzte. Hala, Ikastolako frontoian ari dira entrenatzen eguaztenero. Teknifikazio entrenamendu horietan pilotan etorkizun oparoa izan dezaketen 12 eta 14 urte bitarteko gaztetxoak ari dira parte hartzen, Beñat Rezusta pilotari profesionalaren aginduetara.