Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa-Igerilari Osoa Txapelketa jokatu zuten domekan Azpeitiko Udal Igerilakuan, Izarraitz Igeri Elkarteak antolatuta. 2006. eta 2007. urteetan jaiotako mutilak eta 2007. urtean jaiotako neskak lehiatu ziren Azpeitian.
•Arrebaren jaunartzera ere garaiz
Igerilari bakoitzak lau estiloetan igeri egin zuen. Goizean, 10:00etan hasita, 50 metro tximeleta eta 100 metro bizkar probak jokatu zituzten eta Iker Calvo elgoibartarrak irabazi zituen biak. Eibar Igerixan Klub taldean dihardu Calvok. Goizeko probak jokatu ostean, Calvoren entrenatzaileak Elgoibarrera ekarri zuen, bere arrebaren jaunartzera. Mendaron bazkaldu ostean, Iker berriro joan zen Azpeitira; eta, 16:30etik aurrera, 100 metro bular eta 100 metro libreko probetan lehiatu zen. Estilo libreko proban bera izan zen azkarrena eta hirugarren egin zuen bular estilokoan, baina lehen bi sailkatuak deskalifikatu egin zituztenez, Calvori eman zioten garaipena. Hala, lau estilotako probak irabazita, Iker Calvo da Gipuzkoako igerilari osoena, bere adin tartean.
Egun berezia bezain gogorra izan zela atzokoa aitortu dute Calvoren gurasoek, bai Ikerrentzat eta baita beraientzat ere. Azkenean, "nola edo ahala" lortu zuten Ikerren kirol proba eta jaunartzea uztartzea eta pozik dira. Beraiei moduan, beste guraso batzuei ere tokatu zitzaiela bitan banatu beharra azaldu dute.