Mintxeta Atletismo Taldeak jakinarazi duenez, 26 argazki aurkeztu dira Mugertza krosari buruzko laugarren lehiaketara, iazko lehiaketara aurkeztutako argazki kopurua errepikatu da, alegia.
Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Tantaka taberna egon dira ikusgai hilabetez (ikus honako bideoan), eta argazki gustukoenari botoa emateko aukera izan dute herritarrek.
Antolatzaileak pozik daude eta aurkeztutako argazki kopuru handia eta horien kalitatea nabarmendu dituzte. "Krosak duen kolorea eta ikusgarritasuna jaso dute argazkilariek argazkietan", esan dute gaur Tantaka tabernan egin duten sari banaketa ekitaldian.
Epaimahaiak Vicente Guineak aurkeztutako argazkiari eman dio lehen saria. Despues de la batalla izeneko argazkian aurtengo krosean protagonista izan zen lokatzak, atletak eginiko ahaleginak eta lasterketaren gogortasunak bat egiten dutela adierazi du epaimahaiak. Maria Inmaculada Ugalde zarauztarrak irabazi du bigarren saria, Begiak itxita izeneko argazkiagatik. Gizonezkoen lasterketa nagusia irabazi zuen Selemon Barega etiopiarra ageri da argazkian, helmuga zeharkatu zuen unean. Azkenik, Alberto fernandezentzat izan da Herritarren Saria, Grande Toni! argazkiagatik. Zaragozako Toni Abadia atleta da argazkiko protagonista, Mintxetako igerilekuetatik pasatu zen unean ateratako argazkian.
∞Lotura duten albisteak: