Bolari azkoitiarrak nagusi Idotorbeko tiraldian, baina Unai Loiolak jarraitzen du lidergoan

Barren.eus 2018ko api. 23a, 12:47


Beñat Astigarraga eta Gorka Etxaniz azkoitiarrek eskuratu zituzten lehen eta bigarren postuak, hurrenez hurren, Idotorbeko bolatokian jokatu zen  Gipuzkoako 49. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren bosgarren jaurtialdian. Unai Loiola elgoibartarrak egin zuen hirugarren, eta sailkapen nagusiko lehen postuan jarraitzen du.

Denera 45 bolarik hartu zuten parte zapatu arratsaldean Idotorbeko bolatokian jokatu zen tiraldian. Hiru bolari nabarmendu ziren guztien gainetik, hirurek zazpi txirlo botatzea lortu baizuten. Floreaga taldeko Beñat Astigarragak lortu zuen lehen postua eta Gorka Etxaniz taldekidea sailkatu zen bigarren postuan. San Migel taldeko Unai Loiolarentzat izan zen hirugarren postua. Ganix Rodriguez (Asola Berri) eta Xabier Loiola (San Migel) sailkatu ziren laugarren eta bosgarren, bost eta lau txirlo botata, hurrenez hurren.

• Sailkapen nagusia

Gipuzkoako 49. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketako sailkapen nagusiari dagokionez, Unai Loiola lidergoan ailegatu zen Idotorbeko jaurtialdira eta lehen postuan jarraitzen du botatako zazpi txirloei esker. Guztira 24 txirlorekin dago lehen postuan. Gorka Etxaniz dago orain bigarren postuan, 21 txirlorekin eta Xabier Loiola elgoibartarra dago sailkatuta hirugarren postuan, orain arteko bost jardunaldietan 19 txirlo botata. Iazko Gipuzkoako txapelketan, Xabier Osoro bera izan zen txapeldunordea

Bederatzi jardunaldi ditu Gipuzkoako hiru txirlo txapelketak eta horietako bi Elgoibarren jokatuko dira. Idotorben jokatu berri dutenaz gainera, Aiastiako bolatokian jokatuko da bigarrena, maiatzaren 12an. Maiatzaren 26an amaituko da txapelketa, Azkoitiko Floreagan jokatuko den jardunaldiarekin. Gero, ekainaren 2an, Lehendakari Saria jokatuko dute lehen sailkatuek, Elgetan. Azken hiru urteetan Jabier Osoro elgoibartarrak irabazi du Lehendakari Saria

bolo jokua idotorbe elgoibar astigarraga sariagaz

bolo jokua idotorbe elgoibar unai loiola

bolo jokua idotorbe elgoibar xabier loiola