Tecnifuellek nagusitasunez irabazi zituen Burlatan jokatu duten Lauko Finaleko lehen bi partidak. Barixakuan jokatutako partidan 25-20 irabazi zieten Bartzelonako Sant Vicenc taldeari. Zapatuan, berriz, Kanarietako Caima taldeari irabazi zion Tecnifuellek, 27-15. Hirugarren eta azken partida jokatu dute gaur goizean Elizgibela kiroldegian. Etxeko taldea, Malkaitz, izan dute aurkari. Nafarrak ziren, hain justu ere, sektorea irabazteko aukerak zituen beste taldea, garaipen bat eta berdinketa bat lortuta ailegatu baitira partida erabakiorrera. Bi goleko errenta (12-14) eraman dute elgoibartarrek atsedenaldira, baina lehia estu baten ostean, azken segundoetan erabaki da sektoreko irabazlea zein izan den. Berdinduta amaitu dute neurketa (23-23). Emaitza horri eta aurrekoei esker bost puntu batu dituzte elgoibartarrek eta lau nafarrek. Sant Vicenc taldea sailkatu da hirugarren hiru punturekin, eta Caima kanariarrak laugarren punturik irabazi gabe. Tecnifuellek Espainiako Eskubaloi Txapelketako jubenil nesken azken fasea jokatzeko sailkatzea lortu du. Zortzi talde lehiatuko dira azken fase horretan
• Bartzelona jaun eta jabe Elgoibarko Lauko Finalean
Sanlok antolatuko du Espainiako Eskubaloi Txapelketako jubenil mutilen Lauko Finaletako bat. Hala, Deca Elgoibar taldeak Barcelona Lassa, Zaragozako B.M. Dominicos eta Logroñoko Knet Calasancio taldeen aurka jokatuko du Olaizaga kiroldegian, barixakutik domekara bitartean. Bartzelona zen Elgoibarko sektorea irabazteko faborito nagusia eta kataluniarrek pronostikoak bete dituzte. Sekulako taldea duela erakutsi du Barcelona Lassak Elgoibarren. Jokalari garaiak eta gorpuzkera sendokoak dituzte, eskubaloian jokatzeko ezin aproposagoak, eta defentsan baliatu dute fisikoan zuten abantaila. Gainera, defentsari esker lapurtutako baloi denak edo ia denak gol bihurtu dituzte kontra eraso azkar eta eraginkorretan. Olaizagan jokatu dituzten hiru partidetan gehien errepikatu duten jokaldia izan da. Halaxe izan da gaur ere, etxeko taldearen aurka, Deca Elgoibarren aurka jokatu duten partidan. Lehen minutuetan ondo eutsi dio eronkari Decak, baina kataluniarren defentsa nagusitzen joan ahala etorri dira kontraerasoak eta markagailuan alde egin dute blaugranek. Atsedenaldira 9-19ko emaitzarekin ailegatu dira. Bigarren zatia orekatuagoa izan da. Erasoan gehiago asmatu dute elgoibartarrek eta bide batez kontraerasoen iturria itxi. Hala, 9-13koa izan da bigarren zatiko partziala, eta 18-32 azken emaitza.
• Asier Urain jokalari onena
Bartzelonak Elgoibarren jokatutako hiru partidak irabazi ditu eta sei puntu eskuratu. Zaragozako Dominicos taldea sailkatu da bigarren postuan hiru punturekin eta Errioxako Knet Calasancio hirugarren postuan, hauek ere hiru punturekin. Decak jokatutako hiru partidak galdu ditu. Lehen partidan izan zituen Calasancioren aurkako partida irabazteko aukerak, baina gol bateko aldeaz galdu zuten. Hori bai, Lauko Finaleko jokalari onenaren saria Decako Asier Urainentzat izan da.
∞Lotura duten albisteak:
- Tecnifuelle Euskadiko txapeldun izan da eta Deca hirugarren postuan sailkatu da (2018-03-25)
- 300 jokalari eta hamasei talde ditu Sanlok 2017-2018 denboraldian (2017-10-20)
- Garaipenak eta sailkapenak eskuetatik ihes egin zion Tecnifuelleri (2017-04-24)
- Tecnifuelle Elgoibar, Euskadiko txapeldunorde (2017-04-02)
- Euskadiko Txapelketako finalak jokatuko dituzte Sanloko Tecnifuelle eta Beristain Banaketak taldeek (2017-03-30)