Elgoibar Ikastolako neska-mutilek kalera atera zuten pilota zapatuan egin zuten 21. Pilota Egunean. 6 eta 12 urte arteko umeek hamalau final jokatu behar zituzten arren, hamargarren partida amaitzearekin bat euria hasi zuen eta irristakor laga zuen Kalegoen plazako zorua. Ikastolako eta Lagunak Pilota Eskolako arduradunek azken lau partidak bertan behera lagatzea erabaki zuten inork minik ez hartzeko. Edonola ere, parte hartzaile guztiek jaso zituzten oroigarriak. Gainera, sari banaketa ekitaldian, partiden hasieretan bezala, Aspe enpresako pilotari profesional Aitor Irustaren laguntza izan zuten antolatzaileek.