Igerileku berria eraikitzeaz gainera, dauden aldagelak ere berrituko dituztela jakinarazi du Elgoibarko Udalak. Bi aldagela berri eraikiko dituzte. Era berean, handituko den espazioaren gainean, teilatuan, aparkalekuak egin ahal izateko dauden aukerak aztertuko dituzte. Berritzeak egin ostean, Olaizaga kiroldegiak izan dezakeen itxuraren berri ematen duten irudiak ere zabaldu ditu Udalak.
Ane Beitia, Elgoibarko alkatearen esanetan, anbizio handiko eta epe luzeko proiektu bat da, kirol eskaintza hobetzeko helburua duena, egungo eskarira eta irisgarritasun, kirol, genero eta abarretako esparruetan indarrean dauden arauetara egokituz. Udalak egiten duen esfortzua "handia" dela esan du Beitiak, "Elgoibarrek kalitatezko azpiegiturak izan ditzan eta elgoibartar guztiek kirola egiteko aukera bermatuta izan dezaten".
Bere aldetik, Udaleko Hirigintza zinegotzi Iosu Arraizen arabera, dauden igerilekuak "kontserbazio egoera onean" aurkitzen dira, baina handitze bat behar dute dagoen eskariari behar bezala erantzuteko. "Horregatik, igerileku-ontzi berri bat eraikitzea proposatzen dugu, dauden ontziak egoera onean mantenduz. Honela, instalazio egokiak izango ditugu, ez bakarrik Elgoibarrentzako, baita Mendaro, Mutriku, Deba, Azkoitia, Azpeitia, Ondarroa eta inguruko beste udalerrietako abonatuei erantzuna emateko ere".
Aipatutako proiektuaren idazketak ondorengo jarduerak jasotzen ditu:
Eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen berri bat eraikiko da, non igerileku-ontzi berria kokatuko baita. Ontzi berri honek ondoko neurriak izango ditu: 25m luze eta 16,50m zabal; hau da, 8 kale izango ditu, bakoitzak 2m-ko zabalera izango duena, eta gutxi gorabehera 450m2-ko ur geruza bat.
Dauden aldagelak berritzea eta horiek aldagela eta gela lagungarriekin osatzea. Gaur egun, bi aldagela daude, eta jarduera berri honen bidez, eraberritu eta handitu egingo dira, beste bi aldagela, aldagela egokituak, komunak eta botikina egin ostean.
Igerileku-ontzi berriarentzat baliagarriak izango diren instalazioak eraikitzea. Ontziaren sarbidea mantentze lanak eta zamalanak egiteko egokia izango da.
Ingurua berrantolatzea; horretarako aparkalekuak egingo dira zabalpen berriaren teilatuan, zabalpena eta ibilgailuentzako sarbidea kokatuko direneko orubean dagoen aparkalekuaren ordez. Era berean, proiektatu den zabalpenean kontuan izan beharko da, etorkizunean San Roke kalearen eta aparkaleku berriaren (teilatuan egingo dena) artean dagoen aldea gaindituko duen igogailua egiteko aukera.
Azaldutako jardueren ondorioz, eraikinak bere kanpoko irudian ere aldaketak jasango ditu. Besteak beste, eraikinaren hego-ekialdeko alderdian bolumen angeluzuzen berri bat eraikiko da eta bere fatxadetariko batek leiho handi bat izango du, igerileku berriari argi naturala sartzen utziko diona.
Honez gain, azpimarratu beharra dago, igerileku estaliak handitzeko proiektu honek, etorkizunera begira, gaur egungo igerilekuen eta kiroldegiaren beraren berrantolaketa burutzeko aukera ematen diola Udalari.
Elgoibarko udalerriak 18 kirol elkarte eta 300 ikasle baino gehiago ditu inskribatuta. Udal instalazioek 3.500 pertsona abonatu baino gehiago dituzte eta urteko 100.000 erabilpen baino gehiago. Zenbaki hauek, udalerrian dauden kirol instalazioek jasaten duten intentsitate handiko erabileraren erakusgarri dira udal arduradunen berbetan.
• Hamarkadetan zehar egindako aldarrikapenak
67 urte pasa dira, 1951. urtean kuarteleko lursailak Estatuko gobernuari laga zitzaizkionetik eta geroztik, Ekonomia eta Ogasun Ministerioren esku egon dira. Kuartela bota ondoren, Elgoibarko Udala hainbat aldiz saiatu da lursail horiek berreskuratzen eta azkenean, kuartela aparkaleku gisa erabiltzeko baimena lortu zuen. Ordutik, Udalak lurzatia bereganatzeko egindako ahalegin guztiak ez dute ezertarako balio izan.
Udal gobernuak, legealdi hasieratik ikusi zuen igerilekuen tamainari dagokionez, gabezia bat zegoela eta konpontze aldera, hainbat saiakera egin dira lurra berreskuratu eta espazioaren handitzea burutu ahal izateko. Udalak, lehenengo skaera, 2015eko azaroan egin zion Ministerioari eta 2017ko udan lortu zuen kiroldegia handitzeko eta erregistroan inskribatzeko baimena. Horregatik, behin baimen guztiak eskuartean izanda, orain jarri ahal izan du martxan Udalak exekuzio proiektuaren idaztea, obrak exekutatu eta igerileku berria egin ahal izateko.