Juan Muguerza Nazioarteko Krosean parte hartuko duten dozenaka atleta batu dira gaur arratsaldean Elgoibarko udaletxean. Udal agintariek Kalegoen plazan egin behar zieten ongi-etorria, baina euria ari zuela-eta, udaletxeko arkupeetan egin diete harrera ofiziala.
Hasteko, Jose Inazio Sarasua zena izan dute gogoan eta alkateak lora sorta bat oparitu dio Sarasuaren alargun Amaia Etxanizi. Ekitaldi honetan parte hartzen duen Udal Txistulari Taldeko zuzendaria izateaz gainera, era honetako ekitaldien antolakuntzan beti izan zutela alboan nabarmendu du Elgoibarko alkate Ane Beitiak. Gaur igarri dute bere falta.
Ane Beitiak banan banan agurtu ditu antxitxikari esanguratsuenak eta Federazioetako ordezkariak, eta baita barixakuan Herriko Antzokian egin zuten Galan parte hartu zuten atleta mitikoetako batzuek ere. John Ngugi txapeldun olinpikoa (1988an irabazi zuen Mugertza krosa) izan da alaienetakoa eta korrika egiteko imintzioak ere egin ditu alkatearengana gerturatu denean. Mariaro Haro txapeldun handiak ere agerian laga du elgoibartarrekin eta antolatzaileekin duen harreman ona, behin baino gehiagotan esana baitu Elgoibarren etxean moduan sentitzen dela.
Udal Txistulari Taldeko kideez gainera, Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideek ere parte hartu dute ekitaldian. San Bartolome Egunean egiten duten soka-dantzaren bertsio laburragoa dantzatu dute Ane Beitia alkatearen eta Zigor Diez Mintxetako arduradunaren laguntzaz. Dantzaren ostean, arkupeetatik udaletxeko pleno aretora igo dira guztiak. Ane Beitiak berba batzuk esan eta gero AgurJaunak abestu dute txistulariek eta luntxa egon da gero.
ARGAZKI-BILDUMA: atletei ongi-etorria
- Mugertza krosaren iraganak eta orainak bat egin dute 75. urteurrena ospatzeko Galan (2018-01-12)
- Gazelen Hatsa’, krosaren historia, testigantzak eta irudia batzen dituen liburua (2018-01-11)
-
Goi mailako parte hartzea izango du Mugertza krosaren 75. ekitaldiak (2018-01-10)
- Elgoibar galaz jantziko da Mugertza kroseko irabazleei eta herritarrei esker ona erakusteko (2018-01-08)