Juan Muguertza Nazioarteko krosa aurkeztu dute eguerdian Elgoibarko udaletxean. Ospakizunez beteriko krosa izango da aurtengoa, 75. ekitaldia baita. Gainera, IAAF egutegiaren barruan ospatuko du urteurrena, beste behin ere, 2015ean eta 2016an ere krosaren elitean egon baitzen. Kros lasterketen "Txapeldunen Liga" modukoa da IAAF egutegia, Munduko zazpi kros onenek osatzen baitute, eta horien artean dago denboraldi honetan Mugertza krosa.
IAAF Nazioarteko Atletismo Federazioko buruzagiak eurak ere harrituta daudela aitortu dute gaurko aurkezpenean, harrigarria dela uste baitute 11.000 biztanle pasatxoko herri batek nola antolatu dezakeen munduko krosik onenetariko bat. "Eta zergatik ez, lanak ondo eginez gero" dio Zigor Diez Mintxetako kideak IAAFeko ordezkarien harriduraren aurrean. Hortaz, lanaz, asko dakite Mintxetako kideek zein Ego Toki atletismo elkartekoek. Izan ere, C.D. Elgoibarrek 1943an estreinakoz antolatu zuen krosari 75 urtean eragin eta eusteko erruz egin behar izan dute lan. Zaila da ulertzen bestela nola jarraitu duten krosa antolatzen krisi ekonomiko gogorrak izan diren urteetan. Erakundeak -Udala, Diputazioa eta Jaurlaritza- eta babesleak lagun izan dituzte bidean eta baita boluntario andana luzea ere. Hain zuzen, horiek guztiei esker ona adierazteko egingo dute Krosaren 75. Urteurreko Gala, barixakuan, Herriko Antzokian (20:00).
Elgoibarko alkate Ane Beitiak adierazi du ohore bat dela Elgoibarren izena munduan barrena zabaltzen duen krosa antolatzen laguntzea, eta 75. urteurrenera ailegatzea "hunkigarria" dela esan du. "Asko diegu eskertzeko antolatzaileei eta horiei laguntzen ibiltzen diren lagun anonimo guztiei 75 urtean eragin eta eragin jardun dutelako. Mila esker eta zorionak guztioi".
• Atleta esanguratsuenak
Domekan Mintxetako zirkuituan lehiatuko diren atleta esanguratsuenen berri eman du Mintxetako kide Zigor Diezek.
- Emakumezkoen senior lasterketan Ruth Jebet izango da proba irabazteko faborito nagusietakoa. Keniar jatorriko atleta bahraindarrak 3.000 metro oztopoetako proba irabazi zuen 2016an Rio de Janeiron jokatu ziren Olinpiar Jokoetan. Proba horretako Munduko errekorraren jabe da. Iaz txapeldunorde izan zen Elgoibarren Senberi Teferi irabazlearen atzetik. Gero, iazko martxoan, zazpigarren postua eskuratu zuen Munduko Kros Txapelketan, Ugandan.
- Lilian Kasait Rengeruk (Kenia, 1997) izango du aurkarietako bat Jebetek. Brontzezko domina irabazi zuen Munduko Kros Txapelketan eta aste honetan bertan Campaccioko krosa irabazi du Italian. "Indartsu eta gogotsu" ailegatuko dela Elgoibarrera nabarmendu du Zigor Diezek.
- Proba irabazteko beste faborito bat izango da Letesenbet Gidey (Etiopia, 1998). 5.000 metroko lasterketako finalean parte hartu zuen Munduko Atletismo Txapelketan, joan zen udan Londresen. Gainera, birritan irabazi du Munduko kros txapelketa, junior mailan, 2015ean eta 2017an. "Urteak generamatzan Gidey Elgoibarrera ekartzeko gogoz, txapeldun handiak izateko dohainak dituzten gazteak ekartzea gustatzen baitzaigu, oraindik ezagunegiak ez direnean", azaldu du Diezek. Bitxikeria modura, Trihas Gebre jaio zen herri berekoa dela gaineratu du.
- Trihas Gebre (1990, Euskadi) ere Mintxetan izango da, eta katarro bat gorabehera, sasoi betean, Amorebietako krosa irabaztetik baidator Donostian errotutako jatorri etiopiarreko atleta. Iaz Elgoibarren parte hartu ostean, Espainiako Kros Txapelketa irabazi zuen eta 15. postua lortu zuen Munduko Kros Txapelketan.
Gizonezkoen senior proban Mugertza krosa irabaztea zer den badakiten hiru atleta afrikar batuko dira irteeran: Krosaren aspaldiko ezaguna den Leonard Komon (Kenia, 1988), Conseslus Kipruto (Kenya, 1994) eta Timothy Toroitich (Uganda, 1991). Komonek, Kiprutok eta Toroititchek ez dute, baina, Elgoibarko podiouma ezagun izanagatik ez dute garaipena ziurtatua, ezta urrik eman ere. Aurkari gogorrak izango dituzte.
- Krosa hiru aldiz (2008, 2010 eta 2011) irabazi duen Leonard Komonek (Kenia, 1988) harreman estua izan du krosarekin eta antolatzaileekin, Elgoibarren eman baitzen ezagutzera artean oso gazte zela. "Zahartu egin da Komon, 29 urte dauzka, eta errepideko lasterketetan lehiatzen da krosetan baino gehiago, baina hala eta guztiz egon beharra zuen 75. edizioan", esan du Diezek.
- Conseslus Kiprutok (Kenia, 1994) ere ondo baino hobeto ezagutzen ditu Mintxetako aldapak. Bera izan zen irabazlea 2013an eta iaz eta 2014an hirugarren postuak eskuratu zituen Elgoibarren. Kiprutok demaseko palmaresa du. 3.000 metroko lasterketan txapeldun olinpikoa izateaz gainera, Munduko txapelketa irabazi zuen iaz Londresen.
- Timothy Toroitich (Uganda, 1991) 2014ko irabazlea Amorebietako krosa irabaztetik dator eta 9. postuan sailkatu zen iaz, bere herrialdean jokatu zen Munduko Kros Txapelketan.
- Abadi Hadisek (Etiopia, 1997) brontzezko domina lortu zuen Munduko Kros Txapelketan eta zazpigarren postua 10.000 metroko proban, Munduko Atletismo Txapelketan, Londresen.
- Selemon Barega (etiopia, 2000) Venta de Bañoseko krosa irabaztetik dator.
- Jacob Kiplimo (Uganda, 2000) ere oso kontutan hartzeko atleta izango da, junior mailako Munduko Kros Txapelduna baita. Denboraldi honetan txapeldunorde izan da Venta de Bañosen eta Atapuercan.
• Parte hartze errekorra
Zigor Diezek aurreratu duenez, sekula baino atleta gehiagok parte hartuko dute aurtengo krosean, 900 lagun inguruk hamar lasterketetan. 10:00etan hasiko da lehena. Mamo Wolde Gipuzkoa sariaren 16. edizioan ere inoiz baino herrialde gehiagoko ordezkariak egongo dira, Ingalaterra, Frantzia, Italia, Belgika eta Portugalgo atletak espero baitituzte Espainiako Autonomi Erkideko guztietako -Kanariar Uharteetakoak izan ezik- atletekin batera.
• Atletei harrera ofiziala eta umeentzako lasterketak
Asteburu horretan bertan, larunbat goizean, txikienak jaun eta jabe izango dira, Danobaten laguntzari esker, Elgoibarko kaleetan izango den haurrentzako atletismo jaian, 10:30etik 13:00etara. Asteburuari bukaera emateko, urtero bezala, harrera ofiziala egingo zaie atletei Udaletxean, 19:30ean, Haritz Euskal Dantzari taldearen parte hartzearekin.
Informazio osoagoa: mintxeta.com
∞Lotura duten albisteak:
- Elgoibar galaz jantziko da Mugertza kroseko irabazleei eta herritarrei esker ona erakusteko (2018-01-08)
- Mugertza krosaren 75. urteurreneko ospakizunez arduratuko den lantaldea aurkeztu dute (2017-07-20)
- Senberi Teferi etiopiarra eta Joshua Cheptegei ugandarra gailendu dira Mugertza krosean (2017-01-22)
- Aweke Ayalew eta Irene Chepet Cheptai gailendu dira 73. Mugertza krosean (2016-01-24)
- Aitari eskainitako oroigarria ezagutzen izan dira Mamo Wolderen semea eta alaba (2016-01-22)
-
Munduko zortzi kros onenen artean bigarrengoz (2016-01-19)
-
Mimi Belete bahraindarra eta Teklemariam Medhin eritrearra gailendu dira 2015eko Mugertza krosean (2015-01-25)
-
Mugertza krosak goi mailako parte hartzearekin estreinatuko du IAAF kategoria (2015-01-21)
-
Ayalew etiopiarra eta Toroitich ugandarra garaile Mugertza krosean (2014-01-12)
- Mugertza krosa: Ayad Lamdassem, azken orduko fitxaketa (2014-01-10)
- Kipruto eta Bett, iazko txapelduna eta txapeldunordea Mugertza kroseko irteeran izango dira domekan(2014-01-08)
- Kipruto keniarra eta Burka etiopiarra garaile Mugertza krosean (2013-01-14)
- Atleta izatea, Jairo Berbelen begietan (2013-01-10)
- Aurkeztu dituzte Mugertza krosean parte hartuko duten korrikalariak (2013-01-09)
- Mamo Wolderen lehen garaipenaren 50. urteurrena akorduan (2012-12-18)
- Mugertza krosa Estatuko hiru onenen artean dago (2012-04-25)
- Tanui kenyarra eta Wude etiopiarra nagusi Mugerza krosean (2012-01-22)
- Beste lau urtez luzatu dute lankidetza hitzarmena Mintxeta A.T.ak eta Udalak (2011-12-23)
- Mugerza krosa Europako krosen egutegi ofizialean sartu dute (2011-10-26)
- Antolatzaileak pozik Mugertza krosaren kirol maila eta ikusle kopuruarekin (2011-01-25)
- Hirugarren garaipena Leonard Komonentzat Mugertza krosean (2011-01-23)