Nesken futbola sustatzea C.D. Elgoibarren helburuetako bat dela nabarmendu du klubeko presidente Jon Basurtok. Realak eta Haundik uztailean Mintxetan jokatu zuten partidan, talde txuri urdineko agintariekin berba egiteko aukera izan zuten eta orain urte batzuk emakumeen futbolak Elgoibarren zuen indarraz aritu ziren berbetan, besteak beste. Sasoi haietako bultzada berreskuratu, -une honetan ez dago emakumeen talderik C.D. Elgoibarren-, eta, neskak berriz futbolera erakartzeko asmoz, neska gaztetxoentzako entrenamenduak antolatzeko proposamena egin zion Realak Elgoibarri. "Ideia oso ona iruditu zitzaigun eta bi egunetako entrenamendu saioak antolatu genituen irailaren 4rako eta 5erako", azaldu du Basurtok. "Hamar edo hamabost lagun apuntatuko zirela aurreikusten genuen arren, 50 neskak eman zuten izena azkenean. Oso pozik gaude ekimenak izan duen arrakastarekin", gaineratu du.
GarbiƱe Etxeberria (Hernani, 1967), Realeko idazkari teknikoak eta emakumeen saileko kirol zuzedaria, eta iaz arte Realeko kapitaina izan zen Aintzane Encinas (Donostia, 1988) futbol jokalari ohiak gidatu dituzte saioak, Itziar Gurrutxaga futbolari ohi elgoibartarraren laguntzarekin. 2006 eta 2009 urteen artean jaiotako neskek parte hartu dute bereziki, baina 2003 edo 2004an jaiotako zenbait neska ere aritu dira.