Euskadiko Enduro Txapelketarako proba puntuagarria jokatuko dute Idotorben

Barren.eus 2017ko uzt. 7a, 20:30

Urnobitza Kirol Klubak antolatuta, San Pedroko I. Enduro Txapelketa jokatuko dute domekan (uztailak 9) Idotorben, auzoko jaien barruan.

San Pedro jaietako egitarauko azken ekintza izango da San Pedroko I. Enduro Txapelketa. Idotorbeko eta Aiastiako mendietan barrena lehiatuko dira parte hartzaileak domekan. Euskadiko Enduro Txapelketarako puntuagarria izango da Idotorbeko proba. Aurreko urteetan Cross Country modalitateko txapelketak jokatu izan dituzte Idotorben. Iaz, esaterako, Euskadiko eta Nafarroako Cross Country Motor Txapelketako proba puntuagarria jokatu zuten, eta Markos Beraza pilotu nafarrak irabazi zuen proba.

• Enduroa Cross Countrya beharrean

Aurten, baina, azken urteetan Mintxetan egin izan duten moduan, Enduroaren aldeko apostua egin dute antolatzaileek. Cross country-an zirkuitu bati bueltaka aritzen dira motor gidariak. Enduroan, berriz, erlojuaren kontrako proba motzak jokatzen dituzte zirkuitu batean, eta gero mendira joaten dira, zenbait kilometroko ibilbideak osatzera.

Guztira 50 lagun baino gehiagok eman dute izena proban parte hartzeko, tartean Urnobitza Kirol Klubeko hiru gidarik. 9:30ean hasiko da proba eta lehen gidariak 13:30ak ingururako bukatuko dutela aurreikusten dute antolatzaileek. Sari banaketa ekitaldia 14:45erako hastea espero dute.

crosscountry idotorbe elgoibar 2016