Lagun Taldeko jubenilak irabazle Deba eta Azpeitiko lasterketetako taldekako sailkapenetan

Barren.eus 2017ko mar. 14a, 11:09

Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako kideak denboraldi hasiera bikaina egiten hari dira, jubenil mailako txirrindulariak bereziki. Orain arte jokatu dituzten hiru lasterketetatik bitan irabazi dute taldekako sailkapena, azkena joan den domekan Azpeitian jokatu zuten San Jose Sarian. Jon Astigarragak, gainera, hirugarren postua lortu zuen.

Duela hiru aste hasi zen Eibarren gazte-mailako txirrindulari denboraldia. Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako jubenilak maila onean aritu ziren eta taldekako sailkapena irabaztetik gertu gelditu ziren. Deban jokatu zen denboraldiko bigarren lasterketa, eta hor bai, podiumaren gorenera igo ziren Elgoibarko txirrindulariak. Joan den asteburuan ere talderik erregularrena izatea lortu dute Azpeitian jokatu den jubenilen XXXVI. San Jose Sarian. Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatutako proban 163 txirrindularik parte hartu zuten, baina 56k bakarrik lortu zuten amaitzea. Ibilbideaz (Azpeitia-Iraeta-Loiola-Iraeta-Loiola-Benta Berri-Etumeta-Iraeta-Azpeitia) gainera, eguraldi euritsu eta haizetsua izan zen zailtasun handiena txirrindularientzat.

Oier Lazkanok (Elproex-Iturribero) irabazi zuen proba, Luken Carbayedak (Bazpi) egin zuen bigarren eta Ciclos Iturriagako Jon Astigarraga ailegatu zen hirugarren postuan helmugara. Elgoibarko taldeko Imanol Alvarez eta Jon Ibarluzea ere aurreneko taldetxoarekin iritsi ziren helmugara, 11. eta 15. postuetan, hurrenez hurren (ikus sailkapen osoa)

• Iban Gonzalez 9. postuan Ereñoko Master Sarian

Txirrindularitzarekin jarraituz, baina afizionatu mailan, V. Ereñoko Master Saria jokatu zuten joan den zapatuan, martxoaren 11n, Bizkaiko errepideetan, Bizkaiko Master Txapelketak jokoan zirela. Eibartrans-Gobike taldeko hainbat txirrindularik hartu zuten parte proban, eta taldekideen artean, Iban Gonzalez elgoibartarrak eskuratu zuen posturik onena. Bederatzigarren postuan iritsi zen helmugara Gonzalez, ihes eginda ailegatu zen taldetxoaren jarraian. 

• Elgoibarko Hiria Saria martxoaren 26an

Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza probaren 37. edizioa antolatu du Elgoibarko Lagun Taldeak martxoaren 26rako. Jubenilentzako lasterketa izango da eta Kalegoen Plazatik irtengo dira txirindulariak, 16:00etan. Helmuga, berriz, Santa Klara kalean egongo da. Guztira, 86 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.

ereno txirrindularitza iban gonzalez elgoibar

txirrindularitza lagun taldea elgoibar azpeitia

txirrindularitza lagun taldea elgoibar azpeitia loiola