Jose Luis Larrañaga gailendu da Mekatar Iriondo Xake Txapelketan

Barren.eus 2017ko ots. 14a, 11:57

Mekatar-Iriondo Xake Txapelketaren bosgarren edizioko finalak jokatu zituzten barixakuan Iriondo Tabernan. Jose Luis Larrañagak eta Mikel Leonek ia bi orduko partida berdinketan amaitu ostean, Larrañaga gailendu zen berdinketa hausteko partidan. 

40 xakelarik hartu dute parte V. Mekatar-Iriondo Xake Txapelketan, eta lau hilabeteko lehiaren ostean, barixakuan jokatu zituzten finalak. Txapelketa paretsua egin eta gero ailegatu ziren finalera Mikel Leon eta Jose Luis Larrañaga, 13 garaipen, hiru berdinketa eta porrot bakar bat jaso gabe, alegia. Jose Luis Larrañagak lortu zuen garaipena, Mekatar-Iriondo Xake Txapelketan lortzen duen hirugarrena. Alabaina, Mikel Leonek garaipena garesti jarri zion. Ia bi orduko partidaren ostean, berdinduta amaitu zuten. Berdinketa hausteko partida xake-azkarreko erritmoan jokatu zuten, hau da, jokalari bakoitzak 15 minutu eduki zituen jokaldiak garatzeko. Mikel Leonek abantaila lortu zuen arren, bi minutu bakarrik geratzen zitzaizkion ordularian eta ez zuen asmatu garaipena lortzeko jokaldirik egiten. Larrañagak, aldiz, hobeto kudeatu zuen denbora eta garaipena eskuratu zuen. Juan Manuel Navarrorrok eta Oscar Diezek jokatu zuten hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta Navarro izan zen nagusi. 

• Justo Arriolarentzat Kopa txapelketa

Txapelketan parte hartu zuten 40 xakelariek lau multzotan banatuta hasi zuten lehia, eta multzo bakoitzeko hiru onenak sailkatu ziren azken faserako. Gainerako 28 xakelariek Kopa Txapelketa jokatu dute. Justo Arriola eta Jose Garcia ailegatu ziren finalera eta Arriolak lortu zuen garaipena. Iker Ruiz Iñurrietak lortu zuen hirugarren postua, Sergio Fernandezen aurkako partida irabazita.  

Elgoibar Xake Taldeak herritarrei xakea hurbiltzeko helburuarekin antolatzen du Mekatar-Iriondo Xake Txapelketa. 

• Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako jardunaldia

Gipuzkoako Taldekako Xake Ligako jardunaldi berri bat jokatu zuten Elgoibarko bi taldeek, lehen mailakoak eta hirugarren mailakoak. Lehen Mailan diharduen Mekatar Elgoibar A taldeak Gros D taldearen aurka jokatu zuen etxean, eta galdu egin zuten, 1-3 emaitzarekin. Markel Kerexeta xakelari gazteak aurreko jardunaldian, Idiazabalen aurka, estreinakoz jokatu zuen lehen mailako taldearekin eta bigarren partida izan zuen honakoa. Bost jardunaldi jokatu eta gero, sailkapen nagusiko azkenaurreko postuan dago Mekatar Elgoibar A taldea, 6.5 punturekin. 

Bestalde, hirugarren mailan diharduen Mekatar Elgoibar B taldea sailkapen nagusiko lehen postuan dago, 14,5 punturekin. Azken jardunaldian   garaipen argia (2.5-1.5) lortu zuten Elgoibarren, Arrasate Arlutz D taldearen aurka.

gipuzkoako liga zubi ondo elgoibar kerexeta

gipuzkoa liga zubiondo elgoibar 1

mekatar iriondo xake 5 elgoibar orok

mekatar iriondo xake 5 elgoibar 4

mekatar iriondo xake 5 elgoibar 1