Juan Mugertza Nazioarteko Krosa jokatuko da domekan (urtarrilak 22) Mintxetako zirkuituan, European Athletics Asociation (EAA) kategoriapean. Mintxeta atletismo taldeak lan handia egin du aurten ere munduko korrikalaririk onenak Elgoibarrera ekartzeko, eta besteak beste, 2016ko Olinpiar Jokoetako bi txapeldun izango dira Mintxetan, bata gizonezkoetan eta bestea emakumezkoetan: Conseslus Kipruto eta Ruth Jebet. Mintxeta Atletismo Taldeko arduradun Zigor Diezek azaldu duenez, ez dago Europan beste krosik bi txapeldun olinpiko batzea lortu duenik aurten. “Olinpiar Jokoak jokatu ziren joan zen udan Rion, eta hango irabazleren bat ekarri nahi genuen Elgoibarrera. Azkenean bat ez, bi kontratatzea lortu dugu, 3.000 metro oztopoen probako irabazleak biak”, azaldu du Diezek.
• Ikuskizuna ziurtatuta
Antolatzaileen helburua Mintxetan ikuskizuna eskaintzea dela adierazi du Zigor Diezek, eta horretarako, munduko antxitxikari onenak ekartzeaz gainera, parean ibil daitezkeen atletak ekartzen ahalegindu dira, ehia egon dadin. Hala, Kipruto txapeldun olinpikoak Aweke Ayalew gainditu beharko du 2013an Elgoibarren lortu zuen garaipena errepikatu nahi badu. Iaz ere lehia berbera prestatu zuten Mintxetakoek, eta aurkezpenean egon zen Conseslus Kipruto gainera. Bizkarreko minen ondorioz, baina, uko egin behar izan zion krosean parte hartzeari. Aweke Ayalewk irabazi zuen gero 2016ko Mugertza krosa. Iaz lortutako garaipena errepikatzen saiatuko da aurten ere, eta sasoi ezin hobean iritsi da Elgoibarrera, kros denboraldi honetan jokatu dituen lasterketa guztiak irabazi baititu: Atapuercakoa, Venta de Bañosekoa eta joan den asteburuan azkena, Italicako krosa, Sevillan. Kipruto ere Amtrimgo Nazioarteko Krosa irabaztetik dator Irlandatik. Joshua Cheptegei (Uganda, 1996), Ilias Fifa (Espainia, 1989), Antonio Abadia (Espainia, 1990), Adel Mechaal (Espainia, 1990), Javier Guerra (Espainia, 1983) eta Rabah Aboud (Argelia) dira kontutan hartu beharreko beste zenbait atleta.
• Jebet eta Teferi faborito emakumezkoetan
Emakumezkoen lasterketa nagusian ere, Ruth Jebet txapeldun olinpikoak aurkari gogorra izango du aurrez aurre, Senberi Teferi etiopiarra, hain zuzen ere. 2015eko kros txapelketan bigarren postua eskuratu zuen Teferik, eta Rioko Olinpiar Jokoetan bosgarren egin zuen 5.000 metrotako lasterketan. Gainera, Atapuercako eta Italicako krosak irabaztetik dator. Iaz Elgoibarren seigarren postuan sailkatu zen Ancuta Bobocel errumaniarrak ere hartuko du parte aurten, eta baita Donostian bizi den etiopiar jatorriko Trihas Gebrek ere. Egungo Espainiako kros txapelduna da Gebre.
• 46 herrialdetako parte hartzaileak Mugertzaren ibilbide oparoan
Zigor Diezek Matylda Kowal poloniarraren parte hartzea ere nabarmendu du, Mugertza krosean parte hartuko duen lehen poloniarra izango dela-eta. Mugertza krosa jokatu den 73 edizioetan 46 herrialdetako korrikalariek hartu dute parte, eta 47 izango dira Kowal poloniarraren parte hartzearekin.
• Omenaldiak
Ikuskizuna ziurtatuta dago Mintxetako zirkuitoan, baina omenaldientzako tartea ere izango asteburuan zehar. Kirolari, eta bereziki, atletismoari lotutako lau elgoibartar hil ziren 2016an, eta haien familieri omenaldi xumea egingo diete zapatuan, korrikalarien harrera ekitaldian: Rikardo Garate Kirol Zinegotzia, Angelo Iriondo urteetan Mugertza kroseko esatari lanetan ibilitakoa, Jose Gurrutxaga atleta, eta Mikel De Pablo antolakuntza taldeko kidea. Era berean, C.D. Elgoibarko kideei oroigarri bat emango diete, aurten klubak 100 urte beteko dituelako.
• 700 korrikalari
Guztira 700 bat korrikalari jardungo dira lehian, hamar lasterketatan banatuta, 10:00etatik aurrera. ETBk zuzenean emango ditu junior eta senior mailetako lasterketak eta Teledeportek ere eskainiko du Elgoibarko krosa.
∞Lotura duten albisteak:
- Aweke Ayalew eta Irene Chepet Cheptai gailendu dira 73. Mugertza krosean (2016-01-24)
- Aitari eskainitako oroigarria ezagutzen izan dira Mamo Wolderen semea eta alaba (2016-01-22)
-
Munduko zortzi kros onenen artean bigarrengoz (2016-01-19)
-
Mimi Belete bahraindarra eta Teklemariam Medhin eritrearra gailendu dira 2015eko Mugertza krosean (2015-01-25)
-
Mugertza krosak goi mailako parte hartzearekin estreinatuko du IAAF kategoria (2015-01-21)
-
Ayalew etiopiarra eta Toroitich ugandarra garaile Mugertza krosean (2014-01-12)
- Mugertza krosa: Ayad Lamdassem, azken orduko fitxaketa (2014-01-10)
- Kipruto eta Bett, iazko txapelduna eta txapeldunordea Mugertza kroseko irteeran izango dira domekan(2014-01-08)
- Kipruto keniarra eta Burka etiopiarra garaile Mugertza krosean (2013-01-14)
- Atleta izatea, Jairo Berbelen begietan (2013-01-10)
- Aurkeztu dituzte Mugertza krosean parte hartuko duten korrikalariak (2013-01-09)
- Mamo Wolderen lehen garaipenaren 50. urteurrena akorduan (2012-12-18)
- Mugertza krosa Estatuko hiru onenen artean dago (2012-04-25)
- Tanui kenyarra eta Wude etiopiarra nagusi Mugerza krosean (2012-01-22)
- Beste lau urtez luzatu dute lankidetza hitzarmena Mintxeta A.T.ak eta Udalak (2011-12-23)
- Mugerza krosa Europako krosen egutegi ofizialean sartu dute (2011-10-26)
- Antolatzaileak pozik Mugertza krosaren kirol maila eta ikusle kopuruarekin (2011-01-25)
- Hirugarren garaipena Leonard Komonentzat Mugertza krosean (2011-01-23)