Ramon Mugica: “Kirolzaletasunerako hazia erein genuen duela 25 urte"

Barren.eus 2016ko abe. 16a, 19:04

Ramon Mugicak 25 urte daramatza lanean Udalean, Kirol Zerbitzua martxan jarri zenetik, kirol teknikari bezala. Udal Kirol Patronatua 1996. urtean eratu zenetik bertako zuzendaria da. Nor aproposagorik, hortaz, kirolak urte guzti hauetan Elgoibarren izan duen bilakaeraren errepasoa egiteko.

Kirolak garrantzi eta pisu handia du egun Elgoibarren. 19 kirol-elkarte daude 11.000 biztanleko herria izan arren, eta 4.000 bazkidetik gora ditu Kirol Patronatuak. Duela 25 urte hasi zen kirolaren loraldi hau.


-25 urte bete dira aurten Elgoibarko Udalean kirol arloan lanean hasi zinela. Zer duzu gogoan urte haietaz?
1991ko ekainean izan zen, bai. Udal Kirol Zerbitzua sortzea beharrezkoa zela ikusi zuen Elgoibarko Udalak, batez ere Eskola Kirola koordinatzeko, eta baita herriko kirol taldeei laguntzeko, zein kirol jarduera berriak sustatzeko ere, besteak beste, Diputazioak ere urte gutxi batzuk lehenago jarri baitzuen martxan Udako Kirol Kanpaina. Asmo horiek gauzatzeko kirol teknikari lanpostua atera zuen Udalak, eta neu aukeratu ninduten. Jardunaldi erdiko kontratuarekin hartu ninduten, Udal Kirol Zerbitzuaz arduratzeko.

-Udal Kirol Patronatuaren hazia izan zen hortaz Udal Kirol Zerbitzua?
Bai. Olaizaga kiroldegia 1988an jarri zuen martxan Udalak baina kudeaketa pribatuarekin funtzionatzen zuen. 1996ra arte mantendu zen kudeaketa pribatua. Udal Kirol Zerbitzua Eskola Kirola egituratzen hasi zen ikastetxeekin elkarlanean. Horrez gainera, hainbat kirol jarduera antolatzen hasi ginen kirol taldeekin batera. Kirol arloan gauza asko zeudela egiteko ikusi genuen, eta horiei bide eman eta leku bat emateko eraiki zen Mintxetako kirol gunea 1993an. Lanean hasi nintzenerako martxan zeuden eraikuntza lanak, baina hainbat aldaketa eta egokitzapen egin ahal izan genizkion proiektuari. Gogoan daukat Jose Ignacio Elkoro-Iribe alkatearekin eta Jorge Muntañola arkitekto katalanarekin eduki nuen bilera bat. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan erabili zituzten hainbat azpiegitura eraikitakoa zen arren, onartu zituen gure proposamen eta egokitzapenak. Gure ekarpena izan zen harmailen azpian kirola egiteko gelak sortzea, aurrez ez baitzegoen ezer aurreikusita. Muskulazio gela eta kirol jardueretarako gela bat eraiki genituen harmailapean. Aldagelen eta tabernaren egituraren inguruan ere egin genituen gure ekarpenak. Taberna kantina txiki bat zen hasierako proiektuan. Horrenbestez, Mintxeta martxan jarri genuenean bi azpiegitura garrantzitsu geneuzkala ikusi genuen, -Mintxeta eta Olaizaga kiroldegia-, eta horiek modu eraginkorrean kudeatzeko asmoarekin sortu zen Udal Kirol Patronatua 1996an, Udal barruko erakunde autonomo gisa. Bere helburua herritarren artean kirola sustatzea da.

-Bistan da urte esanguratsuak izan zirela kirolarentzat Elgoibarren. Erronka handia jarri zizuten artean oso gazte zinela.
Bai, gaur kirolak Elgoibarren duen pisu eta garrantziaren zutabeak jarri ziren 80eko hamarkada amaieran eta 90eko hamarkada hasieran. Niri dagokidanez, IVEF-eko estreinako promoziotik lizentziatu berri nintzen. Ikasketez gainera, kirol elkartegintzatik nentorren. Lehenik, futbolean aritu nintzen hamar urtez Elgoibarren eta Eibarren, eta ikasketak hasi nituenean laga nuen futbola. Gero, Ikasketen azken urtean, 1989an, eskubaloian hasi nintzen entrenatzaile lanetan. Sasoi hartan sortu zuen Ales Arrietak Sanloren aurrekaria izango zen eskubaloi taldea. C.D. Elgoibarren barruan sortu zuen, -sekzio bat zen-, "Musillo" presidente zela. Horregatik du Sanlok kamiseta zuri-gorria. Aurrez egon ziren eskubaloi taldeak, Pelousse, esaterako, eta plaza txikian jokatzen zuten. Gero, baina, hainbat urtean ez zen eskubaloi talderik egon, harik eta Ales Arrieta agertu zen arte. Lehen mailan jokatu zuen Alesek Eibarko Arraten eta beste hainbat jokalari elgoibartarrekin batera, Migel Angel Arozena, Patxi Aranberri... sortu zuen eskubaloi taldea. Senior mailako taldea lehenik, eta gero etorri ziren jubenil eta kadete mailakoak, emakumeen taldeak.... Lehenengo entrenatzailea izan nintzen ni 1989an, Josean Hidalgorekin batera.

-Kirolaz arduratzeko pertsona kirolzalea aukeratu zuten, aditua eta aritua zinen.
Aritua bai; aditua artean ez. Kirol elkarteak barrutik ezagutzeko aukera izan nuen, horixe zen garrantzitsuena. Esperientzia hori baliatu nuen, esaterako, beste lagun batzuekin batera Urgazi Triatloi Taldea eratzeko 1991n, triatloia praktikatzen hasi eta denbora gutxira. Ez genuen denbora asko behar izan Elgoibarko lehen Duatloia antolatzeko ere, 1991. urteko apirilean.

-Lanerako gogoa zenuten.
Bai. Kirolzaleek taldetan egituratzeko, kirol taldeak sortzeko, gogo handia zuten sasoi hartan. 80eko hamarkada nahiko gogorra izan zen herrian droga asuntoa zela-eta. Hori dela-eta, egoera hari buelta emateko garrantzitsu bihurtu ziren aisialdia eta kirola. Gainera, jendeak kirola egiteko gogo handia zuen. Edozein taberna edo elkarte gastronomikotan elkartzen ziren bi lagun eta hasten baziren kirolari buruz berbetan posible zen elkarte bat sortzeko ideia aurrera atera nahi izatea. Jendartean nagusitzen ari zen bultzada horri bide ematen ahalegindu ginen Udal Kirol Zerbitzutik. Gogoan daukat nola joan nintzen notaritzara bost emakumerekin Igeriketa Taldea eratzera. Igeriketa eskolan ziharduten bost umeren amak ziren. Horrelaxe sortu ziren hainbat kirol talde: Urgazi, Lagunak P.E., San Pedro F.S, Pedrusko futbol taldea, saskibaloi taldea, Txusko Moto Kluba... Eta berehala etorri ziren era guztietako txapelketak. Nazioarteko Xake Txapelketak 25. urteurrena bete zuen iaz, Karakateko Igoera 23. aldiz jokatu da aurten, San Anton Pilota txapelketa ere orain dela 24 bat urte sortu zen. 1994ko ekainean Futbol 7 Txapelketaren estreinako edizioa antolatu genuen. Haur krosa eta Pilota eguna ere garai horretan hasi ziren. Elgoibarko kirol elkarteak eta ikastetxeak jarduera mordo bat antolatzen hasi ziren. Kirol elkartegintzak boom handia bizi izan zuen 90eko hamarkadan. Kirol jardueren eskaintza ere ugaritzen hasi zen.

-Zein ziren kirol jarduera arrakastatsuenak?
Bi urte lehenagotik martxan zegoen arren, Udako Kirol Kanpaina antolatzea izan zen lanean hasi eta egin genuen lehen gauza. Sekulako arrakasta izan zuen. Umeek Eskola Kirolean egiten ez zituzten kirolak praktikatzeko aukera eskaintzea zen helburua, gazte eta helduentzat ere zabalik zegoen arren. Tenisa, eskalada, patinajea, parapentea, kanoi jaitsiera… hogei bat kirol batzen zituen Udako Kirol Kanpainak eta 400 lagun inguru mugitzen zituen. Tenis ikastaroan, esaterako, 109 lagun izatera ailegatu ginen. Timoteo Sarasketa enpresak lagatako pista batean aritzen ginen. Arriaga industrialdean zegoen eta plastikozko lurra zuen. IMHko tenis pista 1991n sortu genuen.

ramon mugica elgoibar udal kirol patronatua3

-Adin guztietako jendea hasi zen kirola egiten.
Olaizaga kiroldegiak aukera eman zuen emakumeek, gazteek eta zaharrek hainbat kirol ikastarotan parte hartzeko. 93an Mintxeta egin genuenean eztabaida bat sortu zen, belar artifiziala ala naturala jarri. Lerunetik zetorren futbol taldeari eta Udalari egokiagoa iruditzen zitzaien belar artifiziala izatea. C.D. Elgoibarrek Lerunen lau talde zituen. Mintxetan emakumeen taldea eta beste maila batzuetakoak sortu zituzten. Mintxetak Elgoibarri egin zion ekarpenik garrantzitsuena nire ustez azpiegitura hori herri guztira irekitzea izan zen. Harmaila azpian muskulazio gela eta aerobikekoa egiterakoan ikusi zen emakume asko, eta adin desberdinetakoak gainera, kirola egitera animatzen hasi zirela. 80eko hamarkadan oso emakume gutxi ikusten ziren kirola egiten. Sallobentera korrika egitera joan eta bizpahiru emakume ikusten zenituen, jakinekoak, Inma Mugerza, Gotzone Aierdi, Pitxintxunekoak, eta kitto!. Eta hortik kanpo Ego-Toki atletismo taldean zebiltzan Arriola ahizpak, Argiñe Gabilondo, Sonia Zambrano, Carmen Perea, Ana Tadeo eta beste zenbait. Eta Judoan ere antzera, Manu Morak eduki zuen Ibai gimnasioan emakume gutxi batzuk bakarrik zebiltzan. Eta futbolean ere Eibartarrak taldean ere beste gutxi batzuk. Emakumeak kirolera hurbildu ziren Olaizaga kiroldegiko aerobik eta igeriketa ikastaroetan eta Mintxetan mantenu gimnasia, aerobik eta spinning saioak ematen hasi ginenean. Hasieran jendeari arraroa egiten zitzaion, barren, emakumeak spinning egiteko kulote eta zapatilekin ikustea, pentsa! 2.000. urtetik aurrera zorionez ohikoa eta erabat naturala da hasieran deigarria zen hura. Udako Kirol Kanpainak ere garrantzitsuak izan ziren emakumeak kirola egiten hasteko. Orduan hasitako neska eta emakume gazte asko ikusten ditut oraindik ere kirola egiten jarraitzen dutela. Nik uste kirolzaletasunerako hazia erein genuela duela 25 urte. Gainera, hasierako urteetan irudiari, presentziari, garrantzi handiagoa ematen zion jendeak. Orain, aldiz, argi dute osasuna dela azken helburua.

-Gaur egun ezin daiteke Elgoibar kirolik gabe ulertu.
Ados nago. Era guztietako 19 kirol talde daude 11.000 biztanleko herri batean. Eta ez hori bakarrik, kirol talde horiek egiten duten lana oso ondo baloratuta dago kirol modalitate bakoitzeko Federazioetan. Hau da, Federazio horiek ekitaldi bereziren bat antolatu behar badute, badakite Elgoibarko taldeak antolatzen badu ez dutela hutsik egingo, oso maila ona emango dutela antolakuntza lanetan. Neuk ere egiaztatu dezaket hori horrela dela. Bost urte daramazkit Zumaiako Futbol Taldeko Zuzendaritza taldean eta baita entrenatzaile moduan ere, eta eredu bezala hartzen ditut hemengo taldeak eta lan egiteko duten era. Beste herri batzuekin alderatuta oso maila altua ematen dutela iruditzen zait. Lan egiteko duten era horren ondorioz lortu dituzten emaitzak dira erakusgarri argiena. Nabarmentzekoa da Areto futboleko taldea eta Sanloko hainbat talde maila garrantzitsuetan ari direla lehiatzen. Eta C.D. Elgoibar ere 3. Mailan egon da urte askoan, lorpen handia da hori futbolean lehia handia dagoela jakinda, eta are gehiago gurea moduko herri txiki batean.

-Eskola Kirolak ere lagunduko du kirolzaletasuna piztu eta garatzeko, ezta?
Dudarik gabe. Eskola Kirola orain dela 25 urte martxan jarri izana ospatzen ari da aurten Gipuzkoako Foru Aldundia, eta kontutan eduki behar da, Diputazioak orain duen Eskola Kiroleko eredua 1975ean jarri zela martxan Elgoibarren, orain dela 41 urte!. Taldekako hiru kirol eta banakako beste hainbat kirol egiten diren eredua, kirol aniztasuna, alegia. Eta horrela mantentzen da gaur egun. Hein handi batean ikastetxeek era boluntarioan egin duten lanari esker. Gogoan dut martitzenetan Merkatu Plazan elkartzen zirela ikastetxeetako irakasleak asteko ordutegia antolatzeko. Gu, umeok, zain egoten ginen merkatu plazako eskaileretan, ze aurkari eta ordutegi tokatuko zitzaigun jakiteko irrikaz. Egitura hori gaur arte mantendu izan da Elgoibarren eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bereganatu zuen orain 25 urte,  kirol-aniztasun eredu egokia zela-eta. Alegia, Elgoibarko eredua Gipuzkoa osora zabaldu zuten. (Kiroldegian duen bulegoan egiten ari garen elkarrizketa gelditu eta eskukada bat domina atera ditu Ramonek bere idazmahaiko kaxoitik). 1981eko Eskola Kirolekoak dira domina hauek, garai haretako Eskola Kirolean irabazitakoak. Estima handitan ditut eta ikasturte amaieran egiten zen domina edo sari banaketa ere oso polita izaten zen. Trinitate jaietan egiten zen Kalegoen plazan.
Era berean, Eskola Kirola klubek izan duten arrakastaren oinarrian dagoela uste dut. Futbol taldetik jokalari elgoibartar asko iritsi dira Realaera edo Athleticera: Joseba Etxeberria, Itziar Gurrutxaga, Eli Ibarra, Evelyn Santos, Zuhaitz Gurrutxaga, Markel Bergara… Nik uste horiek danek koordinazioa, psikomotrizitatea eta euren ibilbidean nabarmentzeko balio izan dien beste hainbat trebezia Eskola Kirolean jaso edo garatu zituztela. Eta beste horrenbeste eskubaloian: Unai Arrieta, Ander Goikoetxea, Nora Kortaberria.... Esan daiteke, beti egon dela elgoibartarren bat mailarik altueneko kirol lehiaketetan.

ramon mugica elgoibar udal kirol patronatua dominak

-Ikastetxeekin elkarlanean antolatzen duzue Eskola Kirola.
Bai eta funtsezkoa izan da elkarlan hori. Orain 25 urte Eskola Kirolaren koordinazioa C. D. Elgoibarren ardurapean zegoen, baina Udalak erabaki zuen protagonismo handiagoa izan behar zutela ikastetxeek. Koordinazioaren ardura banatu beharra zegoela. Ereduaren gainean ikuspuntu ezberdinak zeuden gainera. Kirol taldeek jokalariak ahalik eta azkarren berenganatzeko tresna moduan ikusten zuten Eskola Kirola, eta ez zitzaien horrenbeste axola hainbat kirol praktikatzeko aukera ematearena, hau da, Eskola Kirolak bultzatzen duen ezaugarri nagusia. Udalak, baina, ez zuen umeak goizegi kirol bakar batean espezializatu zitezenik nahi. Nahikoa borroka izan genuen taldekako hiru kirolak eta banakako kirolak ere sustatzen jarraitzeko. Horren aldeko apustua egin zuen Udalak. Aldi berean, kirol elkarteek bizi zuten boom horretan, txapelketak antolatzen lagundu zien Udalak. Gabonetako Koadrilen arteko torneoa izan zen horietako bat.

-Demaseko arrakasta izan zuen Koadrilen arteko Gabonetako Torneoak.
Bai, 400 gaztek parte hartu zuten. Lan ordezkapen bat egin nuen Elgoibarko Institutuan zenbait hilabetez eta gazte talde bat ezagutu nuen han, David Mekolalde, Javi Quintano, Jose Antonio Ruiz, Sabas Bollero, Jose Ignacio Leon, … laguntzeko prest zeuden eta haiei esker antolatu genuen Gabonetako Koadrilen arteko txapelketa. Egundoko mobida izan zen. Goizaldeko 04:00ak arte jokatzen ziren partidak eta Olaizagako harmailak jendez gainezka egoten ziren ordu txikietan ere. Kros erreleboak plazan, txirrindularitza proba San Roken gora, pala txapelketa. Izugarrizko arrakasta izan zuen, eta nire ustez horixe izan zen 10. edizio jokatu eta gero, desagertzeko arrazoia, gehiegizko arrakasta izan zuela. Urtetik urtera lehiakorragoa bihurtu zen, kosta ahala kosta irabaztea nahi baitzuten askok eta hasieran zuen xarma hura galduz joan zen. Maila gero eta handiagoa ikusten zuen jendeak eta parte hartzeari laga zion. Ondorio positibo asko laga zituen baina txapelketa hark. Gazteek euren aisia aukeratzeko Gabonetako aukerarik arrakastatsuena izan zen.

-Enpresa pribatu batek kudeatzen zuen hasieran Olaizaga kiroldegia. Zein izan zen ardura hori Udalak hartzeko arrazoia?
1996an Udal Kirol Patronatua sortu eta gero Olaizagako eta Mintxetako kudeaketa Udalaren esku lagatzea erabaki zen. Udaletik beste era bateko kudeaketa egin zitekeela erabaki genuen, klubengandik eta herritarrengandik gertuago zegoen gestioa, alegia. Betiere kalitate maila jakin bat ziurtatuta. Kirol eskaintza areagotzeko egin dugun ahalegina ere handia izan da. Kirol Patronatua aitzindaria izan da azken tendentziak diren ikastaroak eskaintzen. Spinning ikastaroa martxan jartzen aurrenekoak izan ginen bailaran. K Strech ikastaroa ere orain dela urte batzuk ematen hasi ginen gu eta leku askotara zabaltzen ari da orain. Era berean, gizarte aktiboagoa izateko azpiegiturak eta kirol jarduerak egin eta eskaini dizkiegu elgoibartarrei urteotan. 2002an inauguratu genituen Mintxetako aire libreko igerilekuak, 2008an BTT Zentroa eta Mintxetako tenis pista, 2009an jarri genituen martxan padel pista eta Mintxeta inguratzen duen oinezkoentzako zirkuitua.

-Zein dira hurrengo urteetarako erronka nagusiak?
Olaizaga kiroldegiak ia 30 urte dauzka eta zaharkituta eta txiki gelditzen ari da. Gaur egungo eskaerara nola egokitu dezakegun aztertzen ari gara. Ur gunean, igerilekuekin, dago arazorik handiena. Patronatuak eskaintzen dituen ikastaroetan 800-900 erabiltzaile aritzen dira hilero, eta ia erdiak, 350 lagun, igeriketa ikastaroetan parte hartzen du. Kopuru horiek argi erakusten dute igerilekuek duten erabilera maila. Gune hori handitzeko eta dauden beharretara egokitzeko beharra ikusten dugu, eta ari gara aztertzen nola eta noiz egin daitekeen egokitzapen hori, eta horretarako finantzaketa nondik eskuratu dezakegun. Foru Aldundiak, esaterako, hurrengo urtean argitaratuko du azpiegituren plana eta adi egon beharko dugu ezartzen dituzten irizpideei. Hau da, azpiegiturak berritzeari ala eraikin berria egiteari ematen dioten garrantzia. IMHko kiroldegia arazo konkretu batzuei irtenbidea eman dion azpiegitura izan da, Sanloko eta areto futboleko taldeek entrenatzeko leku falta arazoari, alegia, baina Olaizaga kiroldegia hobetzea eta handitzea da gure erronka nagusia. Mintxeta ere aztertu izan da Kiroldegi berri bat eraikitzeko gune bezala. Edonola ere, aukera guztiak mahai gainean daude oraingoz eta ari gara lanean.

-Zenbat bazkide ditu Udal Kirol, Patronatuak?
1996an kiroldegiaren gestioa hartu genuenean bazkide kopurua ez zen iristen milara eta 4.000 abonatu ditugu orain. Gipuzkoako herrietan, batez beste, biztanleriaren %30 izaten da kiroldegietako bazkide, eta batez besteko horren gainetik gaude Elgoibarren, %40an, hain justu ere.

-Nola osatzen duzue aurrekontua?
Momentu honetan Udalak Patronatuaren %40a finantzatzen du eta beste %60a bazkide kuotetatik, instalazioen erabileragatik eta ikastaroen bidez lortzen dugunarekin finantzatzen dugu. Autofinantzaketa kopuru polita da, %60a. Kudeaketa pribatua jarri izan duten beste herri batzuetan kuota oso altuak jarri izan dituzte autofinantzaketa %100ekoa izateko helburuarekin. Gure kasuan kuotak ez dira oso garestiak. Herritarrak iritsi daitezkeen moduko prezioak dauzkagula uste dut.

-Zenbat langile ditu Kirol Patronatuak?
Patronatuko langile bezala hiru pertsona gaude: Zuzendaria, Administraria eta Kirol Koordinatzailea. Kirol jarduera zuzenak ematen dituzten monitore guztiak, sorosleak, harrerakoak, garbitzaileak, mantentzeaz arduratzen direnak... horiek danak enpresa desberdinekin azpikontratatuta daude. Guztira 25 langile inguru izango gara.

-25 urte hauetan egindakotik zer asebete zaitu gehien?
Satisfazio handiena ematen didana da klubek daukaten bizitza eta osasuna, eta mugiarazten duten jende guztia. Gure laguntza txikiarekin, azpiegiturak eta diru laguntzak, lan handia egiten dute.
Antolatzen ditugun ikastaroetan parte hartzen duen emakume kopuru handia ikusteak poz handia ematen dit, eta baita gero eta hirugarren adineko lagun gehiago kirola egiten ikusteak ere -hor dago 60 + egitasmoaren arrakasta-. Atzera begira jarri eta izan dugun bilakaera ikusteak ere harro sentiarazten nau. Estreinako Nazioarteko Xake txapelketa antolatu genuenean idazmakina batekin eta fotokopiagailu bat erabiliz egin genituen txapelketa iragartzeko kartelak, pentsa! Futbol 7 txapelketan zenbat lagunek parte hartzen duten ikustea ere pozgarria da. Eta antolatu izan ditugun jarduera puntual batzuk ere gogoan geratu zaizkit. Kalegoen Plazan sekula ez dut horrenbeste jende ikusi Phumprey anaiek eta Ernesto Ezpeleta "Bihurri"-k National Geographicekin batera eskaini zuten saio hartan baino.
Ez nituzke ahaztu nahi Elgoibarko politikariek kirola sustatzeko izan duten sentsibilitatea eta prestutasuna. Alkate eta kirol zinegotzi guztiek eman diote garrantzi handia kirolari. Era berean, hemen lanean izan ditugun edo ditugun langileek eta monitoreek patronatuarekiko izan duten atxikimendua eta zerbitzua eskaintzeko erakutsi duten gogoa ere nabarmendu nahi ditut. Profesional oso onak pasa dira hemendik eta harro nago horretaz.

-Zer eman dizu kirola sustatzen Elgoibarren lan egiteak?
Satisfazio oso handia eman dit Elgoibarrek urteotan bizi izan duen ibilbidean eta aldaketan ekarpena egin ahal izateak.

-25. urteurrena era berezian ospatuko duzue?
Kirol Federatuen Urteko Sarietan, abenduaren 21ean, bideo bat aurkeztu nahi dugu, elkarte, ikastetxe eta bazkide eta erabiltzaile guztiei omenaldi xume bat egiteko. Elkarte guztiek egiten duten lana jaso eta goraipatuko dugu. Izan ere, asko eta asko izan dira lan boluntarioan euren denbora librea herriari eskaintzeko prest egon diren herritarrak. Ekitaldi horretan Ricardo Garate ere gogoan izango dugu, herriari eta bereziki kirolari ekarpen handia egin diolako.
Edonola ere, 25 urte pasa dira, bai, baina erlaxatu gabe lanean jarraitu behar dugu herritarrei kalitatezko kirol eskaintza eta azpiegitura egokiak ziurtatzen jarraitzeko.

ramon mugica elgoibar udal kirol patronatua 1