Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketa Elgoibarren jokatuko dute zapatuan

Barren.eus 2016ko aza. 7a, 18:19

Euskal Herriko lokotx biltzaile onenak batuko dira zapatuan (azaroak 12) Elgoibarko Kalegoen plazan, Euskal Herriko Lokotx Biltze txapelketan parte hartzeko.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako lokotx biltzaile onenak batuko dira zapatuan Elgoibarko Kalegoen plazan (euria egiten badu Elgoibar Ikastolako frontoian). Emakumeen eta gizonen Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan hartuko dute parte, 12:00etan. Parte hartzaileek 1,25 metrotara eta bi lerrotan jarritako 50 lokotx bildu beharko dituzte.

Emakumezkoen txapelketan, Zuriñe Frutos izango da Arabako ordezkaria, Goizalde Aransolo eta Ainhoa Ortega Bizkaikoak eta, azkenik, Maika Ariztegi eta Irune Izkue etorriko dira Nafarroatik.
Gizonezkoei dagokionez, honako hauek izango dira lehiakideak: Haritz Ruiz Iturribarria eta Gillermo Lopez (Araba), Haritz Martin eta Sendoa Larrea (Bizkaia), Eneko Garmendia eta Jon Goikoetxea (Gipuzkoa), Unai Lanci Maritorena eta Fernando Etxegaraia (Nafarroa) eta Mitxel Guilcou (Lapurdi)

• Ariztegi eta Etxegarai faboritoak
Iaz Sunbillan (Nafarroa) jokatu zen Euskal Herriko Lokotx Biltze txapelketa eta bi nafar gailendu ziren; Berako Fernando Etxegarai eta Iturengo Maika Ariztegi. Nabarmentzekoa da Fernando Etxegarai dela herri kirol modalitate honetako dominatzaile nagusia, Berako kirolariak bederatzi alditan irabazi baitu Euskal Herriko koxkor biltze txapelketa. 2011koan Jon Larrañaga mendaroarrak irabazi zion txapela Etxegarairi. Beste horrenbeste gertatzen da Maika Ariztegirekin. Hamalau aldiz irabazi du honek emakumezkoen Euskal Herriko lokotx biltze txapelketa.

Lotura duten albisteak:

lokotx biltze elgoibar maikaariztegi