Partida gogorra eta estua jokatu zuten finalera ailegatu ziren lau pilotariek. Ordubetetik gorako partida. Norgehiagokaren agintea Nerea Irustak eta Kepa Arrizabalagak osatutako bikotearen eskuetan izan zen uneoro, eta markagailuan ere beti joan ziren aurretik, aldea txikia izan arren. Leire Etxanizek eta Iker Oñederrak behin baino gehiagotan lortu zuten partida berdintzea, baina ez ziren aurrea hartzeko gai izan. Nabarmentzekoa da bikote urdineko atzelariak, Leire Etxanizek, erakutsitako joko maila. Etxeberriako pilotariaren pilotakada indartsuek eta segurtasunak zur eta lur laga zuten ikusle bat baino gehiago. Etxanizek Nesken Gomazko Paleta MPB Zirkuituan parte hartzen dihardu, eta igarri zen. Hala eta guztiz, Nerea Irustak ondo eutsi zion erronkari eta pilota gutxi galdu zituen. Egin eta desegin, berriz, dena Kepa Arrizabalagak egin zuen. Bereak izan ziren tanto txalotuenak, baina erasoko joko horretan tanto dezente ere galdu zituen. Azkenean 22 eta 18 irabazi zuten urdinek, Irustak eta Arrizabalagak. Pala Misto txapelketan lortzen duten bigarren txapela da honakoa, estreinako edizioa ere, 2014koa, eurek irabazi zuten-eta.
Aurten 24 bikotek hartu dute parte pala misto txapelketan, inouiz baino gehiagok. Sigma jatetxean eta Ibai-Ondo asadorean bazkari bana ere zotz egin zituzten antolatzaileek. 439 zenbakiaren jabeak irabaziko du Sigmako bazkaria (ordezko zenbakia: 916). Ibai-Ondoko bazkariko zozketan, berriz, 186 zenbakia izan zen saritua (479 zenbakia da ordezkoa)
∞ Lotura duten albisteak:
- Lara Urain eta Julen Salaberria gailendu dira bigarren pala txapelketa mistoko finalean (2015-10-30)
- Arrizabalak eta Irustak irabazi dute estreinako pala txapelketa mistoa (2014-10-20)